Celsa Atlantic enpresak bi lantoki ditu Araban; Gasteizen eta Urbinan, eta guztira, 117 behargin dira. Enpresak aurki 11 langile kaleratzeko eta beste 11 lekualdatzeko asmoa du, eta langile batzordearen arabera, ez du erregulazio txostenik (Enplegu-Erregulazio Espedientea) aurkeztu beharko horretarako, "langileen %10 baino gutxiago bidaliko dutelako kalera". Banan-banan kanporatuko dituzte, modu indibidualean.
Beste kaleratze bat hilabete hasieran
Hilabete honen hasieran, gaixorik zegoen behargin bat kaleratu zuen Celsak Araban. Lan Estatutuaren 52. artikulua ezarri zuen zuzendaritzak; hala, "asistentzia falta" egotzi zioten langileari, eta kalera bidali zuten argudio horri helduta. Langileek jakinarazi zuten ohikoak direla gaixotasunak euren ogibidean, baita horren ondorioz hartu beharreko eritasun bajak ere.
Lan Estatutuko 52. artikuluaren arabera, lanera ez joatea arrazoi nahikoa da langileak kaleratzeko, arrazoitutako bajak baldin badira ere; tartean, eritasunengatikoak.
Gatazka
Laminaciones Arregui zen Arabako bi lantegien jabea, baina 2008. urtean hartu zuen bertako agintaritza Celsak. Berria-k jakinarazi duenez, 2012. urtean, enpresak jakinarazi zuen Arabako 91 langile botako zituela, baita soldatak %30 jaitsi ere. Ondorioz, mobilizazio gogorrak egin zituzten beharginek, greba mugagabea barne. Enpresako zuzendaritzak, baina, atzera egin beharrean, ia 200 kaleratzeren iragarpena egin zuen. Auzitara jo zuten langileek, eta 2016. urtean, kaleratuei eman zien arrazoi Espainiako Auzitegi Gorenak.
Beharginen ustez, orain gauzatzear diren kanporaketak 2016. urtera arte egindako mobilizazioak "zigortzeko" modua dira. "Heriotza geldo baten bidez saihestu nahi dituzte orduko epaiak eta lortu nahi dute orduan lortu ez zutena", diote langileek, Berria-k jaso duenez.
Zuzendaritzak Enplegu-Erregulazio Espedientea jarri zuen martxan 2018. urtean, eta hainbat kanporaketa izango zirela adierazi zuen.