AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia
2024/08/28 07:50

Aurtengo Aste Nagusian ere, udaltzainen eta ertzainen etengabeko jazarpena jasan behar izan dute Bilbon (Bizkaia) manteroek; alegia, kaleko salmenta ibiltaria ogibide duten pertsonek, nagusiki, jatorri afrikarrekoak. Berriz pairatu behar izan dituzte sarekada erraldoiak; identifikazioak; kontrol itogarria; Poliziaren jarrera bortitzak; saltzeko zeukaten materiala lapurtzea; nortasun-agiriak, dirua eta bestelako jabetza pertsonalak kentzea, eta abar.

Bilboko Konpartsek eta beste hamaika kolektibok hainbatetan erakutsi diete babesa pertsona manteroei azken asteetan. Aurreko astearte arratsaldean protesta bat egin zuten Areatzan, kaleko saltzaileak Poliziaren partetik jasaten ari ziren errepresioa salatzeko.

Bestalde, Aste Nagusiko azkeneko egunean, aurreko igandean, harresi moduko bat eratu zuten ehunka lagunek txosnagunean: modu horretan, kaleko saltzaileak Poliziarengandik babestu zituzten, euren kontrako errepresioa salatuz. Ertzainek eta udaltzainek alde egin behar izan zuten, jaigunera manteroak jazartzeko bertaratu baziren ere.

Gero eta zabalagoa da pertsona manteroekin elkartasunez sortutako sarea. Atzo agerraldi bat egin zuen Manteroekin Bat plataformak, Arriaga aurrean, kaleko saltzaileen kontrako jazarpena gaitzesteko. Bizirautea ez da delitua lelopean batu ziren 50 kolektibo inguru, eta ohartarazi zuten "Poliziaren indarkeria gero eta handiagoa" dela.

Kontrola eta beldurra

Aurtengo Aste Nagusiko erasoei erreferentzia eginda, polizia-indarren jarduteko modu "bortitza eta arrazista" salatu zuten agerraldian. "Kaleko salmentarekin bizimodua ateratzen duten pertsonek etengabeko tentsioa eta jazarpena jasan dituzte, baita jarrera estigmatizatzailea eta bortizki arrazista duen Poliziaren presentzia areagotzea ere", azaldu zuten.

Jakinarazi zuten, gainera, sarri burua estalitako polizia-agenteek jazarri dituztela manteroak. Ohiko eskularruak, ezkutuak eta armak eramateaz gain, txakurrak ere baliatu dituzte kaleko saltzaileak jazartzeko.

"Premiazkoa da pertsona manteroen oinarrizko eskubideak urratzea eragozten duten mekanismo kolektiboak planteatzea, bizirauteko duten eskubidea errespetatuz, eta Poliziaren gehiegikeria-egoerak saihestuz", adierazi zuten plataformako kideek.

Udala eta komunikabideak, erantzule

Atzoko agerraldian gogorarazi zuten komunikabide ugarik "kolaboratu" dutela manteroen kontrako bortizkeria horrekin guztiarekin. Bilboko Udala (EAJk dauka alkatetza) ere seinalatu zuen Manteroekin Bat plataformak, kaleko saltzaileen kontrako jazarpenaren erantzule eta sustatzaile zuzen modura. Hortaz, manteroen kriminalizazioa eten dezala eskatu zion berriz udal agintaritzari; kontuan hartuta, esaterako, udaltzainak bere esanetara daudela berez.

Manteroekin Bat sareak argitu duenez, aurrez, bost exijentzia egin zizkion udalari. Besteak beste, "gehiegikeriak egiten dituzten agenteak" kontrolatzeko eta zigortzeko neurriak eskatu zituen, baita "Poliziaren esku-hartzeetan indarkeria fisikoa eta hitzezkoa erabiltzeari premiaz uzteko" neurriak ere.

"Salmenta segururako guneak" exijitu zituen, bestalde, baita pertsona manteroek udal kiroldegietan sartzeko aukera izatea ere, "garbitzeko eta baldintza duinetan atseden hartzeko". Momentuz, plataformak egindako eskaera orori uko egin dio udalak.

EZ DAGO IRUZKINIK