AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Onda Cero
2024/02/22 09:40

Bukatu dira entzuteak Londresko Auzitegi Nagusian, eta, orain, Julian Assange australiarraren kasuaz arduratzen diren bi epaileek hartu beharko dute bere estradizioari buruzko erabakia. Gobernuak, berez, 2022an onartu zuen Assange Amerikako Estatu Batuetara estraditatzea, baina epaileek erabaki beharko dute horren alde egin edo, beste behin, ontzat eman WikiLeaks-en sortzaileak Erresuma Batuan helegite bat jartzea.

Estatubatuarrek hamarkada bat baino gehiago daramate Assange atxilotu eta hara eraman nahian, epaitua izan dadin. "Espioitza eta intrusio informatikoa" leporatzen dizkiote, AEBetako Armadak Iraken eta Afganistanen egindako gerra-krimenei buruzko informazioa eta irudiak argitara ateratzeagatik. "Informazio militar sailkatua" lortzea eta zabaltzea egozten diote, eta espioitzari buruzko AEBetako lege bat (duela 100 urte baino gehiagokoa eta inoiz ez duena helburutzat izan kazetarien kontrako erabilera) hartu nahi dute oinarritzat australiarra zigortzeko.

AEBetara estraditatu eta han epaituz gero, 175 urterainoko espetxe-zigor bat ezar diezaiokete WikiLeaks-en sortzaileari; alegia, biziarteko kartzela-zigor bat. Assangen defentsak ohartarazi du, dena den, AEBetako Justiziak heriotza-zigorra ezartzeko aukera ere badagoela. Salatu du kazetaria zigortzea izaera politikoko eta adierazpen askatasunaren aurkako delitu bat izango litzatekeela.

Hamarkada bat baino gehiago ihesean

Assangek 2006an sortu zuen WikiLeaks izeneko plataforma. Asmoa zen, besteak beste, askotariko gobernuek egindako krimenei, erasoei eta gehiegikeriei buruzko informazioa eta azterketak argitaratzea, irabazi-asmorik gabe. 2010ean, AEBetako Armadari buruzko filtrazio erraldoi bat plazaratu zuen WikiLeaks-ek: estatubatuarrek Afganistango eta Irakeko gerran egindako krimenen inguruko informazioa eman zuen argitara, baita biral bilakatu ziren hainbat irudi ere. Bideo horietako batean ikus zitezkeen AEBetako hainbat soldadu, burla artean, Irakeko hainbat zibil tiroz erailtzen.

Horren ostean ekin zioten AEBek Assangen kontrako jazarpenari, espioitzari eta intrusio informatikoari lotutako hemezortzi delitu egotzita. 2012an, Ecuadorrek Londresen daukan enbaxadan hartu zuen babes Assangek, eta ez zen handik irten zazpi urtean. Garai hartako Ecuadorko presidenteak, Rafael Correak, babesa eman zion kazetari australiarrari, baina egoera erabat aldatu zen 2017an hauteskundeak galdu zituenean.

2019an, indarrez atera zuten Assange enbaxada horretatik, eta Erresuma Batuko segurtasun handiko kartzela batean sartu zuten preso; Belmarshen. Gaur egun ere han daukate gatibu, eta osasun-arazo larriak dituela azaldu dute bere gertukoek.

EZ DAGO IRUZKINIK