"Martutenen korapilo bat zegoen, eta askatu egin dugu". Hala hitz egin du Donostiako (Gipuzkoa) alkate berriak, Jon Insaustik (EAJ), Agustindarren eskolan egindako etxegabetze masiboa aldarrikatuz. Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak aurreko ostegunean hustu zuten eraikina, bertan alternatibarik gabeko 100 pertsona baino gehiago bizi ziren arren (gehienak gazte etorkinak), Donostiako Harrera Sarearen azken zenbaketen arabera.
Udalak bere burua zuritu zuen azken momentuan La Sirena udal-aterpetxea irekiz, baina Donostiako kolektibo ugarik ostegun arratsaldean egindako manifestazioan salatu zutenez, bertan ez dago toki nahikoa kale gorrian geratu diren lagun guztientzat. Insaustik berak berriki onartu duenez, 48 pertsonak dute plaza La Sirenan momentu honetan, "udalak ezarritako baldintzak onartu" ondoren. "Batzuk ikasten ari dira, beste batzuk lanean, eta beste batzuek ez dute gutaz eta administrazioaz ezer jakin nahi. Kasu oso desberdinak daude", gaineratu du.
Alkateak, atzo bertan egindako adierazpenetan, erreibindikatu zuen Martuteneko desalojoa "modu profesionalean eta teknikoan" gauzatu zutela. Operazio erraldoia izan zen, 40 bat polizia-ibilgailu bertaratu baitziren denera. Orain bere kezka Eusko Jaurlaritzaren jabetzako eraikin hori dela dio, Lanbide Heziketako zentro bilakatuko baitu Ortzadar fundazioak. Zentro berria aurreko astean desalojatutako pertsonentzako baliabide gisa saldu du Insaustik, "inklusio sozialerako eta laboralerako" baliagarria izango dela defendatuz: "Horixe da pertsona horiekin bilatzen ari garena".