AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Edurne Abaigar, GKSko kidea.
2023/02/06 09:38

Sarritan esan duzue manifestazioak ez direla egun bateko kontua izaten. Zer dela eta?

Edurne Abaigar: Mobilizazioen aurretik, beharrezkoa izaten da, astez aste, jendea kalera ateratzeko testuinguru aproposa sortzea. Urtarrilaren 28ko manifestazioak ez lirateke posible izango ehunka militante politikok egindako eguneroko lan hori gabe. Egunero izan dira manifestazioetara deitzeko ekimenak Euskal Herri osoan: milaka gazterekin elkartu gara tokian toki manifestazioen berri emateko eta gure aldarrikapenak azaltzeko. Esaterako, aurkezpenak izan dira hamaika ikastetxe edo zentrotan, kalean, unibertsitateetan zein hainbat kolektiboren bileretan, eta nekaezina izan da propaganda politikoa egiteko lana ere. Euskal Herriko gazte askok begi onez ikusi ditu gure aldarrikapenak.

Beste zenbait aspektu ere kontuan hartzekoak dira. Gure deialdiek ia ez dute tokirik komunikabide ofizialetan eta oso modu puntualean ateratzen gara horietan. Gainera, diskurtso ofizialetik aldendutako irakurketetan eta aldarrikapenetan oinarritzen ziren urtarrilaren 28ko manifestazioak. Mobilizazioetara deitzeko kanpainan zehar une oro jasan dugun polizia-jazarpena ere ezin dugu ahaztu; Iruñerrian, esaterako, 50 gaztetik gora identifikatu eta isundu dituzte. Langileok eskubide politikoak bermatu gabe ditugula argi erakusten du gertatutakoak.

"Gure deialdiek ia ez dute tokirik komunikabide ofizialetan [...]. Gainera, diskurtso ofizialetik aldendutako irakurketetan eta aldarrikapenetan oinarritzen ziren urtarrilaren 28ko manifestazioak"

Horregatik guztiagatik diogu militantziaren lan konprometituari eta desinteresatuari esker lortu genuela guztira 7.000 pertsona kalera ateratzea, eta gazteak ginen gehienok.

Beraz, manifestazio honetarako kanpainak militantzia eredu bat ere adierazten duela esan genezake.

Militantzia politikoan errotutako kultura bat dago Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren oinarrian, eta uste dugu beharrezkoa dela kultura hori sektore proletarizatuetan hedatzen joatea eta kualitatiboki etengabe hobetzea. Soldatapeko lanaren dinamikatik haratago, ideal etiko batzuekiko borondatezko atxikimenduan oinarritzen da militantzia eredua. Ikuspegi komunista batetik, potentzialitate iraultzaile handia du horrek.

"Ideal etiko batzuekiko borondatezko atxikimenduan oinarritzen da militantzia eredua. Ikuspegi komunista batetik, potentzialitate handiak ditu horrek"

Mobilizazio-gaitasun handia erakutsi duzue, kontuan edukita gazte antolakunde batek deitutako mobilizazioak izan zirela. Zuen ustez, zer adierazten du horrek?

Joera politiko bat gazte langileon artean zabaltzen eta egonkortzen ari dela erakusten dute. Aurreko urtean, eta pandemiaren kudeaketak astindutako testuinguruan, milaka gazte kalera ateratzea lortu genuen, eta aurten oraindik eta gazte gehiago mobilizatu gara. Komunismoaren maximak lehen lerroan jartzen ari den joera politiko baten inguruan hitz egiten ari gara. Langileriaren independentzia politikoa aldarrikatzen dugu batetik, bere antolaketa-dimentsioan (antolaketa-baliabide propioak) nahiz dimentsio ideologikoan (kosmobisio eta estrategia komunista). Langileon kontrolpeko Estatu Sozialista beharrezkoa dela defendatzen dugu, bestetik. Euskal Herriko gero eta gazte gehiagoren artean harrera ona daukan joera politiko eta kultural bat da, gazte horien baldintza ekonomiko eta sozialak okertzen ari diren testuinguru batean.

"Komunismoaren maximak lehen lerroan jartzen ari den joera politiko baten inguruan hitz egiten ari gara"

Eta hori guztia ez da soilik Euskal Herrian gertatzen, komunismoaren agerpena posible egiten duten zenbait baldintza objektibo orokor baitaude lurralde askotan. Laburki esateko, bi gertakari garrantzitsu identifikatzen ditugu. Batetik, krisi ekonomikoa eta gizarteko kapa zabalen proletarizazioa, bai eta gazteena nahiz belaunaldi berriena ere. Ertain klasearen desintegrazioarekin eta polarizazioarekin batera, baldintza proletarioak hedatzen ari dira gizartean.

Eta, bestetik, ezkerreko alderdi parlamentarioen ezintasuna proletarizatutako kapa horien beharrak asetzeko, Europako herrialde askotan ikus dezakegun bezala. Are gehiago: alderdi sozialdemokratak bankarien eta enpresari handien ofentsibaren parte dira askotan, horiek ezarri duten miseria kudeatzen ari direlako. Beraz, normala da egungo eskaintza parlamentariotik kanpo erreferentzia iraultzaileak bilatu nahi izatea gazte langile askok.

Daukagun erronka handietako bat da erreferentzia iraultzaile horiek estrategia komunista gaurkotu baten barruan garatzen joatea. Norabide horretan egiten dugu lan egunerokoan, eta urtarrilaren 28ko manifestazioek ere helburu horiei erantzuten diete.

"Normala da egungo eskaintza parlamentariotik kanpo erreferentzia iraultzaileak bilatu nahi izatea gazte langile askok"

Egunerokotasunean nagusitzen den zirko mediatikotik aldentuta, burgesiaren ofentsiban jarri zenuten fokua manifestazio horietan. Aldi berean, gobernuaren neurri zehatzen inguruan ere jardun zenuten. Zer irakurketa egiten duzue une honetako egoerari buruz?

Mugimendu politiko bezala modu proportzionalean eta koherentzia estrategikoan handitzen joateko, gaitasun ugari eskuratu behar dira. Horietako batzuk dira, gure ustez, ondo eraikitako doktrina estrategikoa eta koiunturaren inguruko doktrina edukitzea.

Horrekin esan nahi duguna da beharrezkoa dela komunismoaren kontzeptu estrategikoek osatutako doktrina bat, komunismoaren printzipio unibertsaletan oinarrituta dagoena eta borroka esperientzia historikoetatik ikasi duena. Baina, aldi berean, kontzeptu horiek koiuntura bakoitzean modu konkretuan aplikatzeko gai izatea ere beharrezkoa dela uste dugu. Funtsezkoa da koiunturaren inguruko analisi eta doktrina bat. Koiunturaren inguruko doktrina eguneratu batek iniziatiba politiko handiagoz jokatzeko aukerak ematen ditu, eta hori garrantzi handikoa da mugimendu politikoen hazkuntzarako.

"Krisi kapitalistaren dinamika konplexuan jartzen dugu arreta. [...] Horregatik, arretaz begiratzen ditugu krisi kapitalista eta bere adierazpen moduak"

Zentzu horretan, guk krisi kapitalistaren dinamika konplexuan jartzen dugu arreta. Aktualitatea ez da masa-komunikabideek zehazten duten hori, nahiz eta kontuan hartu beharreko elementu bat den politika egiteko orduan; gizarte kapitalistaren sakonean garatzen ari den dinamika historiko indartsua baizik. Horregatik, arretaz begiratzen ditugu krisi kapitalista (hau da, Kapitalaren metaketa-dinamiken egiturazko ezintasunak) eta bere adierazpen moduak; alegia, krisi ekonomiko-sozial, politiko, klimatiko eta belikoa. Estrategia komunista gaurkotu batek errealitate horretatik ondorioztatzen diren joera nagusiak kontuan hartuta kokatu behar du bere jarduna.

Analisi horretatik abiatuta enfokatu zenituzten urtarrilaren 28ko manifestazioak, hortaz.

Bai, doktrina estrategiko eta koiuntural horietan oinarritzen ditugu gure dinamika politikoak, baita manifestazio horiek ere. Krisi kapitalistaren irakurketa politiko bat egiten saiatu gara, burgesiaren ofentsibaren nolakotasunari erreparatuz. Horrekin batera, alderdi parlamentarioen funtzioen zein Espainiako Gobernuaren neurrien kritika egin dugu kanpainan zehar.

"Krisi kapitalistaren irakurketa politiko bat egiten saiatu gara, burgesiaren ofentsibaren nolakotasunari erreparatuz"


Estatu Sozialistaren beharra aldarrikatu duzue horren guztiaren aurrean.

Bai, burgesiaren ofentsibaren aurrean planteatu dugun ortzi-muga estrategikoa Estatu Sozialista da. Manifestazio horien oinarrian tradizio sozialistako oinarrizko kontzeptu bat ere badago: agitazioarena eta propagandarena. Baina ez propaganda zentzu elektoralista batean ulertuta. Agitazioa eta propaganda, politika iraultzailearen praktika bezala ulertuta, aldarrikapen sozialistak kapa proletarizatuen barruan hedatzeko eta horiek politikoki aktibatzeko helburuarekin.

"Dimentsio estrategikoa eduki behar du propagandak. Gizarte kapitalistaren egiturazko mugak erakutsi behar ditu eta, horrekin batera, hori gainditzeko komunismoaren doktrina estrategikoaren kontzeptuak erabili behar ditu"

Dimentsio estrategikoa eduki behar du propagandak. Gizarte kapitalistaren egiturazko mugak seinalatu behar ditu eta, horrekin batera, hori gainditzeko komunismoaren doktrina estrategikoaren kontzeptuak erabili behar ditu. Horregatik jarri dugu mahai gainean Estatu Sozialistaren aldarrikapena, eta inplikazio handiak ditu horrek. Adibidez, lurralde batean langileon Estatu Sozialista bat aldarrikatzeak, berekin dakar estatu horren eraikuntza ahalbidetuko duen nazioarteko testuinguru baten sorreraren alde egitea.

Zergatik diozue Prozesu Sozialista indartzen dutela urtarrilaren 28ko manifestazioek?

Agente politiko bakoitzak indar-metaketarako eredu propioa dauka, eta irizpide horien arabera planteatzen eta neurtzen du bere hazkundea. Erreformarako alderdi parlamentarioen indar-metaketarako ereduarekin konparatuz, guk bestelako gaitasunak sortu eta antolatu nahi ditugu; hau da, sozialismoaren eraikuntzarako gaitasun ekonomiko eta sozialak metatu behar ditugu. Beraz, norabide horretan baloratu behar ditugu gure ekimen guztiak.

"Erreformarako alderdi parlamentarioen indar-metaketarako ereduarekin konparatuz, guk bestelako gaitasunak sortu eta antolatu nahi ditugu; hau da, sozialismoaren eraikuntzarako gaitasun ekonomiko eta sozialak metatu behar ditugu"


Gaitasun horien hazkuntza progresibo eta proportzionalari Prozesu Sozialista deitzen diogu. Hala, prozesu horren parametroetan kokatu behar ditugu manifestazio horiek ere. Beste gauza askoren artean, mobilizazio horiek balio dute, Euskal Herriko gazte proletarizatu askoren artean, bizitzen ari garen egoeraren irakurketa kritikoa eta programa sozialista hedatzeko; balio dute gazte langile askoren artean militantzia politikoan oinarritutako kultura baten potentzialitatea hedatzeko; alderdi parlamentarioen dinamika burokratikoetatik kanpo, Mugimendu Sozialista indartsua dagoela erakusteko, eta abar luze bat.

Manifestazioen ondorenari begira, zein dira zuen lehentasunak?

Gazte antolakunde komunista bezala, gazte langileon antolakuntza politiko independenterako baliabideak handitzen jarraituko dugu. Urrian aurkeztu genuen Gazte Langileon Proposamen Politikoa praktikoki garatzen jarraituko dugu. Aurre egin behar diegu gazte langileon egoera zeharkatzen duten auziei: gazte lan-merkatuari, bizi-ereduaren pobretzeari, gazteoi bideratutako kultur-industriari, hezkuntza sistemari edota autoritarismoari.

Bide horretan, antolakuntza-baliabideak, borroka dinamikak, sozializaziorako ekimenak eta militantzian oinarritutako kultura hedatzen joango gara ahalik eta esparru gehienetan. Horrekin batera, gazteon antolakuntza komunistarako Langile Kontrolpeko Espazioak hedatzea ere garrantzitsua da, bai eta gazte eragile politikoak, zenbait gazte asanblada kasu, norabide horretan lerratzea ere.

"Mobilizazio horiek balio dute, Euskal Herriko gazte proletarizatu askoren artean, bizitzen ari garen egoeraren irakurketa kritikoa eta programa sozialista hedatzeko"

EZ DAGO IRUZKINIK