AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Herri Norteren aurkako operazio bat.
2025/06/06 13:32

Azken egunetan jasandako jazarpenaren berri eman dute Herri Norte eta Indar Gorri taldeek. Oraingoan, El Correo egunkariaren manipulazioa eta zabaldutako informazio faltsua salatu ditu Herri Nortek; eta Indar Gorrik, berriz, Aragoiko Vox alderdi faxistaren difamazioa pairatu behar izan du, Osasunako zaletuen taldearen kontrako isunak eta kartzela-zigorrak eskatu baititu publikoki, hura kriminalizatzearekin batera.

El Correo-k, hain zuzen ere, ekainaren 4an argitaratu zuen albiste bat, drogen aurkako operazio polizial baten berri emanez. Komunikabideak lerroburura eraman zuen, ordea, Herri Norteri egindako aipamen bat: esan zuen operazioan atxilotutako sei pertsonetako bat "Herri Norteko buru bat" dela. Taldeak egunean bertan ezeztatu zuen informazio faltsu hori: "Herri Nortek guztiz gezurtatzen du osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bategatik atxilotutako pertsonak inolako loturarik duenik taldearekin".

Horri lotuta, salatu zuen Herri Norte "aspalditik desprestigio- eta desinformazio-kanpaina bat pairatzen ari dela". "Badakigu hau guztia klase menderatzaileen zerbitzura dauden komunikabide ezberdinek eta 'kazetari' deitzen diren eta haien zerbitzura diren putre zikin askok antolatzen dutela", azaldu zuen. Eta hala gaineratu zuen: "Harritu egiten gaitu Ertzaintzak transmititutako informazio hori nola zabaldu den, kontrastatu gabe, eragozpenik gabe, egiazkotasunik eman gabe, eta interesagatik eta jomugan betikoak jarriz eta publikoki seinalatuz". Dena den, "gurutzada mediatiko horren guztiaren aurrean", Herri Nortek aldarrikatu zuen ez duela "amorerik emango".

Indar Gorri jopuntuan jarri nahi izan du Aragoiko Voxek

Bestalde, Vox alderdi faxistak Aragoiko Gorteetan duen bozeramaileak, Alejandro Nolascok, berriki izan du hizpide Indar Gorri taldea. Zaragozako La Romareda futbol-estadio aurrean egindako adierazpenetan, Nolascok esan du "gorrotoaren zerritegian iraulka bizi diren giza-zaborra" direla Indar Gorriko kideak, eta harmailetan animatzean "terrorismoa goratzea" leporatu nahi izan die. Horregatik, kartzela-zigorrak eskatu ditu Osasunako zaletuen taldearentzat, baita 650.000 euroko isunak ere.

EZ DAGO IRUZKINIK