Azken asteetan hizpide izan da EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS), horrekin batera azaleratu diren hainbat neurri polemiko direla medio. Ahots kritikoek diotenez, arkitekturak argi erakusten du nola nagusitzen den errendimendu ekonomiko-industriala parametro ekologiko, kultural edo sozialen gainetik. Dokumentuak "ekoizpen handiko eremu" gisa izendatzeko atalasea ezartzen du parke eoliko berrien eraikuntzarako neurgailu gisa: urtean 2.500 orduko funtzionamendu iraunkorra. Beraz, baldintza hori betetzeko batez besteko gutxieneko haize-abiadura 7,3 m/s-an kokatzen du.
Inbertsioen bideragarritasunari erantzuten dion eskakizun aritmetiko horrek ezinbestean bideratzen du azpiegitura eolikoa euskal geografiako eremu sentikor eta garaienetara. Adibide paradigmatikoa da, esate baterako, Elgeako inguruarena; 8,85 m/s-ko batez besteko abiadura neurtuta, industriarentzat lehentasunezko helburu bilakatu baita, nahiz eta San Millan eta Asparrenako lurrak "balio zientifiko edo natural bereziko eremutzat" jotzen diren edo "babes berezia" duten, hurrenez hurren. Metodologia horrek, beraz, tresna politiko bihurtzen du LPS, lurrak birkalifikatzeko gaitasuna baitu, babes-maila ofizialak alde batera utziz eta, trantsizio energetikoaren eta eraginkortasunaren aitzakiapean, hedapen masibo bati bidea irekiz.
Babes-neurriak indargabetzeko ahalmena
Ingurumenaren babes-neurriak murrizteko ahalmena du LPSk, eta hori hierarkia arautu batean oinarritzen da, estrategia energetiko autonomikoaren mende jartzen baititu udal-plangintzak. Kokalekuetan, I. Taldea (lehentasunezkoak) eta II. Taldea (erreserbakoak) sailkatzen dira. Ordunte edo Elgea-Urkilla bezalako lurraldeak, "ez-urbanizagarri" eta "erabateko babesa duen baso" gisa izendatuak, I. Taldean agertzen dira zuzenean, ekosistema horien suntsipenaren mehatxua lehen planoan jarriz.
Are gehiago, Kolometa (Gorbeia barruan) edo Arkamo ("erabateko babesa duen basoa") II. Taldera sartzean, esplizituki adierazten da Jaurlaritzak energia-ekoizpenerako zailtasunak dituen momentuan erreserba natural horiek industrializatuko dituztela. Modu horretan, LPS "interes publikokoa" delako izendapenaren kontrara, sustatzaile publikoen zein pribatuen esku uzten du lurraren erabileraren burujabetza, lekuan lekuko komunitateei kenduta.
Milioika euroko inbertsioa
Hedapen-indar hori euskal gobernuaren helburu estrategikoetan kokatzen da bete-betean, energia berriztagarri bidezko potentzia biderkatu nahi baitu: gaur egungo 350 megawattetatik 900 megawattera igaro nahi du 2030erako, horrek energia-kostuei dagokienez emango dizkion onura ekonomikoak argudiatuz. Hala, 2026. urteari begira Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun aurrekontua 650 milioi eurotik gorakoa izango da (Euskal Energiaren Agentziak kudeatutako 176 milioi euroekin batera), "inbertsio eraldatzaile" gisa izendatutako 1.015 milioi euroak gaindituz.
Ingurugiroaren suntsipenari entzungor
Hala ere, anbizio ekonomiko horrek berekin dakar halako proiektu erraldoiek ingurumenean eragiten duten suntsipena, eta horren adibide da, 2025ean bakarrik, Jaurlaritzari lau proiektu atzera bota izana, sortuko lituzketen ingurumen-kalteengatik.
Urtarrilaren hasieran, Espainiako Gobernuak Itsarazen parke bat eraikitzea ukatu zuen behin betiko (60,4 megawatt, Statkraft enpresak bultzatuta), sai arrearen eta sai zuriaren aurka izango lukeen "eragin esanguratsuagatik". Ingurumena babesteko bermerik ez zegoela argudiatu zuen gobernuak. Abuztuan, Jaurlaritzak Piaspe proiektu eolikoa ere baztertu behar izan zuen Gipuzkoan (33 megawatt Azpeitian, Zestoan eta Errezilen), eremu "sentikorretan" kokatu nahi zutelako eta "ingurumen-ikuspegitik bideraezina" delako. Maiatzean, Enkarterrietan bota zuten atzera Blackstonek egin nahi zuen parkea (Güeñes, Zalla, Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskiz), babestutako animalien kontrako kalte posibleengatik.
Larragorriko parkearen proiektuak ere (25 megawatt, Arabako eta Bizkaiko hainbat lurretan) adibide nabarmen bat ematen du, administrazio publikoek proiektu horiek kosta ahala kosta bultzatzeko duten nahiari buruz. Jaurlaritzak aurtengo maiatzean onartu zuen proiektua, baina ingurumen-ebaluazioan hamazazpi espezietako 1.134 hegazti identifikatu zituzten. Azterketa sakonago bat eginda, Bizkaiko Foru Aldundiak "erabat bideraezintzat" jo zuen plana, eta ohartarazi zuen zenbait espezieren behartutako emigrazioa ekar zezakeela. Gainera, hamabi saguzar espezie identifikatu zituzten bertan, "heriotza-arrisku handia" atzemanez hainbat kasutan. Hala ere, Arabako Foru Aldundiak "mitigazio-neurriak gomendatu" besterik ez zuen egin, Gorbeiako Kontserbazio Bereziko Eremuan kalterik ez eragiteko debekua alde batera utzita.
Parke eolikoak ahal bezala eraikitzeko eredu horrek erdigunean ipintzen du 40 taldek baino gehiagok berriki aurkeztu duten dinamika berria, LPS Honi Ez! izenekoa. Bertako kideen esanetan, "balio ekologiko, kultural eta sinboliko handiko eremuak babestea" dute helburu, baita "guztion ongizate kolektiboa hobetzeko baldintzak sortzea" ere, ulertuta horien guztien aurka egiteko aurrerapauso bat dela LPS.