Industria Defendatzeko Taldea sortu du Eusko Jaurlaritzak, nagusiki AEBen partetik muga-zergak areagotzeko politikak abiatzen ari diren honetan, sektoreari begirako estrategia berriak diseinatzeko. "Gora egiten ari den protekzionismoari eta desegonkortasun globalari" aurre egiteko asmoa erakutsi dute Imanol Pradales lehendakariak eta Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik. Pradalesek atzo aurkeztu zuen ekimena Donostiako (Gipuzkoa) Kursaalean, eta jakina da jadanik taldea osatuko dutela gobernuak berak, hainbat klusterrek eta zenbait Merkataritza Ganberak; bai eta patronalak ere.
Izan ere, Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteko presidente Carolina Perez kexu zen atzo goizean, Jaurlaritzak ez omen zuelako Confebask gonbidatu talde berrian parte hartzera. Eta patronalaren desioak bete ditu berriz gobernuak: Confebaskek eguerdian bertan baieztatu zuen Jaurlaritzaren gonbidapena jaso duela dagoeneko, Industria Defendatzeko Taldera batu dadin. CCOO sindikatua ere kexatu da, sindikatuak ez dituztelako mahai horretara deitu.
"Duela hamarkada batzuk ikusten ez zen bloke-politika batera itzultzen ari gara, zuzenean baldintzatzen gaituen politika protekzionista eta arantzelario bat", esan zuen atzo Pradalesek Kursaaleko aurkezpenean; eta gaineratu zuen horren eraginak ikusten ari direla automozioan, siderurgian eta metalurgian edo elikaduran. Beharrezkotzat jo zuen Europak "bere burua babestea", eta Industria Defendatzeko Taldeak hiru helburu nagusi izango dituela azaldu zuen: muga-zergei lotutako errealitate berriari buruzko diagnostikoa egitea eta hainbat sektoreren jarraipena egitea; enpresei laguntzeko baliabideak eta politikak identifikatzea, eta euskal industriaren gaitasunak eta aukerak indartzen saiatzea. Jaurlaritzak iragarri du, gainera, 500 milioi euroko dirulaguntzak bideratuko dituela EAEko industriara.