Green Capital Power konpainiak aurkeztutako proiektuak aurrera egingo du Jarindo mendian, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Hala, enpresa horrek lau aerosorgailu eraikiko ditu Gipuzkoa eta Araba artean, eta 20 megawatteko potentzia izango dute osotara. Aramaio (Araba), Legutio (Araba), Eskoriatza (Gipuzkoa) eta Leintz-Gatzaga (Gipuzkoa) inguruan eraikiko dute parke eolikoa.
Amaitu da elkarren artean lehian dauden enpresek proiektu proposamenak aurkezteko epea, eta Green Capital Power baino ez da aurkeztu kasu honetan. Horrela, Jaurlaritzak baiezkoa eman dio konpainia horrek Jarindoko parke eolikoa egiteko mahaigaineratutako proiektuari, eta sei hilabeteko epe bat ireki du, enpresak beharrezko dokumentazio guztia aurkez dezan.
Capital Energy taldearen parte da Green Capital Power, eta beste hiru proiektu egin nahi ditu Gipuzkoan. Trekutz proiektua dago lehenengo, Urretxu eta Antzuola artean; Buruzai proiektua aurkeztu du bigarrenik, Azkoitia eta Zumarraga artean martxan jartzeko; eta Ezkeltzuko proiektua egongo litzateke azkenik, Zizurkil eta Usurbil artean gauzatzeko.
Parke eoliko erraldoi bat egiteko asmoa du Repsolek
Itxura denez, Gipuzkoa eta Nafarroa artean parke eoliko erraldoi bat eraikitzeko proiektua dauka esku artean Repsolek, FE Energyrekin batera. 100 megawatteko ahalmenarekin, hamalau aerosorgailu instalatu nahi omen dituzte Hernani (Gipuzkoa), Berastegi (Gipuzkoa), Elduain (Gipuzkoa), Arano (Nafarroa) eta Goizueta (Nafarroa) inguruan.
Espainiako Estatuan aurkeztu den proiekturik handiena izango litzateke honakoa, eta Enigma Green Power korporazioak aurkeztutako proiektuari gainjartzen zaio, antza. Bost aerosorgailu instalatzea proposatu zuen hark, 33 megawatteko potentziarekin. Ereñotzu, Adarra eta Zaburu mendien artean kokatuko litzateke, eta 13 kilometroko luzeera izango luke.