Estatu-errepresioa lehentasun bat da Giorgia Melonik gidatzen duen Italiako Gobernuarentzat. Martxan jarri berritan, "rabeen kontrako dekretua" izan zen gobernuak onartutako lehenengo neurrietako bat, "lurraldeak eta eraikinak indarrez hartzea" gogorrago zigortzeko. Horren ostean, estatu-errepresioa gogortzeko neurri kualitatibo gehiago atera dituzte mahaira Italiako Anaiek, tartean, "segurtasunari" lotutako lege-dekretu zabal bat: DDL 1660 deiturikoa.
Barne, Justizia eta Defentsa ministerioek proposatu zuten erreforma iazko azaroan. Neurri-sortaren helburua argi utzi zuen gobernuak: "subertsibotzat" jotako ekintzak, gatazkak eta borrokak modu eraginkorrean prebenitzea, eta hori lortu ahal izateko "hutsune legala" betetzea. Orain, gehiengo zabala lortuta onartu du erreforma Diputatuen Ganberak, eta indarrean sartuko dela dirudi, esperotzekoa baita Senatuak ere ontzat ematea.
Zeintzuk izango dira neurri zehatzak?
Protesta egiteko modu ugari kriminalizatzen ditu erreformak, horiek zigortzeko kondenak areagotuta eta tipifikazio berriak sortuta; hala nola, "hitzezko terrorismoa" eta "erresistentzia pasiboa". Besteak beste, ondoko neurriak barne hartzen ditu dekretuak:
Polizia gehiago babestearen alde ere egin du gobernuak. Erreformari esker, polizia-indarrak gehiago armatuko ditu, bigarren arma pertsonal bat eramateko aukera izango baitute agenteek, baita ofizialki lanean ari ez direnean ere. Horretaz gain, Poliziak bere jardun errepresiboan jasan dezakeen kalte edo ondorio oro gogorrago zigortuko dute.
Eta, neurri-sortaren izaera errepresiboaz gain, bere izaera antiproletarioa eta pertsona migranteen kontrakoa are garbiago uzteko, beste debeku bat ere barne hartzen du: bizileku-baimen ofizialik ez duten lagunek ezin izango dute telefono mugikorrik eduki, bizileku-baimenari lotuta soilik eskuratu ahal izango baitira SIM txartelak.
"Hitzezko terrorismoa"
Esan bezala, DDL 1660 dekretuak kontzeptu berri bat markatzen eta zigortzen du: "hitzezko terrorismoa", askotariko propaganda politiko iraultzaileari lotuta. "Agerikoa da [...] erakunde terroristen trebetasuna eta azkartasuna dimentsio kontzeptualetik benetakora igarotzeko, batez ere berariaz sortutako propagandaren hedapen tematiaren bidez; ez bakarrik potentzialki afiliatuak izan daitezkeenak ideologikoki eta psikologikoki baldintzatzeko, baizik eta baita [...] ekintzara igarotzeko motibazio operatiboak emateko ere", dio gobernuaren idatziak.
Hortaz, "erradikalizazioari aurre egitea" argudiotzat hartuta, "ekintza biolentoak edo helburu terroristak dituzten ekintzak egiteko edo prestatzeko" balio omen duen materiala "eskuratzea eta gordetzea" zigortuko du gobernuak. Zehazki, "instituzioen edo zerbitzu publikoen aurkako ekintzak edo erresistentziak egitea bultza dezaketen edukiak" seinalatu ditu, eta sei urterainoko espetxe-zigorrak izango dira mota horretako materiala edukitzeagatik edo zabaltzeagatik, "modu idatzian edo ahozkoan".
Protestak lege-dekretuaren aurka
Irailaren hasieran, aipatutako lege-dekretuaren kontra antolatzeko koordinadora bat sortu zuten Italian: DDL 160 Indargabetzeko Borroka egiteko Sare Askea. Mobilizazioak prestatu dituzte hainbat hiritan, eta manifestazio bat iragarri dute datorren urriaren 5erako, Erroman. Egun horretan, Palestinako sarraskiaren kontrako mobilizazioak ere izango dira Italian, eta aldarri horiekin bat egin du aipatutako koordinadorak, mobilizazio-egun handi bati bide egiteko.
Italiako Barne ministro Matteo Piantedosik adierazi du jadanik manifestazioa oztopatzen eta debekatzen saiatuko dela gobernua.