AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/24 10:54

"Arraza-profilak" egiten ditu Poliziak Italian, pertsona ijitoekin eta jatorri afrikarrekoekin, bereziki. Hala nabarmendu du Europako Kontseiluaren Arrazismoaren eta Introlerantziaren aurkako Komisioaren (ECRI) txosten batek, poliziek filtro arrazisten araberako atxiloketak eta kontrolak egiten dituztela ondorioztatuta. "Gizarte zibilak eta hainbat antolakundek horren berri eman dute", diote txostenean. Baina mugatuak omen dira jazarpen horri buruzko datuak, eta polizia-indarrek ez omen dute "arazoaren tamaina" erakutsi nahi.

Italiako poliziek pertsona arrazializatuak eta LGTBI kolektiboko pertsonak bereziki jazartzen dituztela salatu izan du askok, ASGI and Medi Study Centre Genoa erakundearen ikerketa baten esanetan. Inkestatutako migranteen %45,8k jakinarazi zuten nolabaiteko diskriminazioa edota arrazismoa pairatu izan dituztela komisarietan, eta aztertutako instituzio eta espazio publiko guztien artean, polizia-etxeak omen ziren diskriminatzaileenak.

Pertsona migratzaileek salatu zuten, besteak beste, poliziek arrazoirik gabe ukatzen dizkietela asilo-eskaerak, dokumentazio pertsonala suntsitzen dietela, iraindu egiten dituztela edota jo egin dituztela.

Torturak eta kanporatzeak, sistematikoak

Pertsona ijitoen aurkako jazarpen poliziala eta erasoak, zehazki, etengabeak dira Italian. 2017 eta 2021 artean, ijitoen 187 etxebizitza edo bizitoki hustu zituen Poliziak, eta, beraz, gutxienez 3.156 pertsona etxegabetu zituen. European Roma Rights Centre (ERRC) erakundeak ohartarazi duenez, "jendeak uste duena baino kaleratze gehiago dago", eta gutxienez astean behin etxegabetzen omen dute ijitoren bat.

Torturen eta bestelako tratu txarren berri ere eman dute. Iaz, adibidez, Veronako bost polizia atxilotu zituzten, pertsona migranteak eta etxerik gabekoak jotzeagatik eta torturatzeagatik. Kasu batzuetan, poliziek piper-gasa botatzen zieten begietan, eta buruan ostikadak ematen zizkieten, konorterik gabe utzi arte. Beste batzuetan, berriz, identifikatuak izaten ari zirela, lurrean pixa egitera eta gainean etzatera behartzen zituzten. Tratu txar horiek behin eta berriro eman zituzten atxilotutako agenteek, 2022ko uztailetik 2023ko martxora arte, gutxienez.

Kasurik entzutetsuena, hala ere, Hasib Omerovicena izan zen. Ijitoa zen Hasib, eta gorra jaiotzez. 2020ko uztailaren 25ean, 36 urte zituela, legez kontrako sarekada bat egin zuen bere etxean Poliziak. Bertsio ofizialaren arabera, etxeko leiho batetik "jausi" zen Hasib, bederatzi metroko altueratik amilduta. Epaileak polizien kontakizuna babestu zuen.

Hasiben arrebaren lekukotza, baina, oso bestelakoa izan zen. Etxean zegoen sarekada gertatzean, eta, salatu zuenez, kalez jantzitako hainbat poliziak "dokumentuak eskatu zizkioten Hasibi, makil batekin kolpatu zuten, eta ostikadak eman zizkioten". Bere logelara ihes egin zuen, baina agenteek "kolpatu eta leihotik bota zuten".

Gobernuaren babesa dute poliziek

Txostenaren berri izatean, Giorgia Meloni lehen ministroak Poliziaren defentsa sutsua egin zuen: "Gure polizia-indarrek arduraz egiten dute lan". Matteo Salvini eta Antonio Tajani lehen ministroordeek ere Poliziaren alde egin zuten, eta txostena kritikatu zuten. Haien ustez, agenteei "eraso die ezgauza den organismo baten txostenak". "Ijitoak eta immigrante ilegalak hain gustuko badituzte, Estrasburgoko euren etxeetara eraman beharko lituzteke", esan dute agintari faxistek.

EZ DAGO IRUZKINIK