AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Moncloa
2025/09/24 12:16

Espainiako Gobernuak Errege Lege Dekretu bat onartu berri du, ustez Israelgo Estatuari "armak enbargatzeko", baina artikuluak aztertu ondoren, argi geratu da ez diela erantzuten ez urgentziazko eskaera sozialei ez nazioarteko lege-betebeharrei. Testuak ez du enbargo integralik ezartzen; aitzitik, salbuespen handiak egiten ditu arma-merkataritzari eusteko, gobernuak "interes orokor nazionalei kalte" egiten zaiela irizten dien egoeretan.

Gainera, dekretuak kanpoan uzten ditu funtsezko hainbat auzi, hala nola Espainiako Estatuko portu, aireportu eta base militarretako ikuskapen- eta egiaztapen-protokoloak. Era berean, Israelgo Estatuko industriarekin indarrean dauden kontratu militarrak ez ditu blokeatzen, ezta lankidetza finantzarioa edo teknologikoa eragozten ere, Palestinaren aldeko mugimenduek salatu dutenez.

Dekretuak barne hartzen dituen neurrien artean, inportaziorako eta esportaziorako indarrean dauden baimenen ustezko baliogabetzea nabarmentzen da, baina "interes orokor nazionaleko" klausula beraren bidez berraktiba daitezke. Era berean, Palestina okupatutik material militarra inportatzea eta Israelgo Indar Armatuei zuzendutako JP4, JP5 eta JP8 erregai militarrak sartzea debekatzen du, eta hori da salbuespenik ez duen ageriko debeku bakarra, nahiz eta egiaztatu egin beharko den ea betetzen ote den. Hala, neurri sorta alderdi partzialetara mugatzen da, eta ez du bermatzen estatu sionistarekiko arma-harremanak benetan etengo direnik.

Kolektibo eta mugimendu ugarik salatu dute enbargo integral, atzeraeragile, garden eta salbuespenik gabeko batek bakarrik berma dezakeela Espainiako Estatuak Palestinako genozidioarekin etorkizunean izango duen konplizitatearen benetako haustura. Bien bitartean, Pedro Sanchezen gobernuak aurkeztutako azken neurria faltsutzat eta sinbolikotzat jo dute, "hutsune legalak" dituela eta genozidekin merkataritza-harremanak eta lankidetza militarra mantentzea ahalbidetzen duela nabarmenduz.

Promesa instituzionalak bete ez direnez, presio sozialak gora egiten jarraitzen du, benetako armen enbargoa eskatzeko mobilizazioetara deituz, Espainiako Estatuak estatu kolonialarekin eta basakeriarekin duen lotura militarrarekin erabat amai dezan.

EZ DAGO IRUZKINIK