AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Trampoline Israel (Instagram)
2025/11/03 09:35

Iruñean (Nafarroa) jokatuko dute aurten Munduko Tranpolin Txapelketa, azaroaren 5etik 16ra bitartean. Israelgo Estatuak ere parte hartuko du lehiaketan, estatu sionistako bi ordezkari izango baitira Nafarroa Arenan. Horren kontra, protesta bat antolatu du Nafarroako BDZ mugimenduak: txapelketa hasiko den egunean, asteazkenean, 19:00etan Nafarroa Arena aurrean elkarretaratzera deitu du, parte-hartze sionistari ezetz esateko. Deialdiarekin bat egin du Palestinarekin Elkartasuna plataformak.

BDZk salatu du ordezkari israeldarren presentzia ez dela kirol-eremura mugatzen den zerbait, eta "Israelen estrategiaren parte" dela, izaera kolonialean eta apartheid-ean oinarritutako bere erregimena normalizatzeko. Azpimarratu du, beraz, kirol-arloa dela "boikot, desinbertsio eta zigor ekintzak indartu" beharreko eremu nagusietako bat, "Israelgo Estatuaren ekintza kriminalen inpunitateari" aurre egiteko.

Nafarroako Gobernua konplize

Nafarroako Gobernua (PSN) seinalatu du BDZk Israelgo Estatuaren parte-hartzea baimentzeagatik, nabarmenduz ez dela betetzen ari "gerra-krimenen eta giza-eskubideen urraketen erantzule diren erregimenekin ez kolaboratzeko" nazioarteko araudia. Palestinarekin Elkartasunak gaineratu duenez, "ekiditeko ahal duen guztia egin izanaren plantak egin dituen arren, Nafarroako Gobernuak ahalbidetu du ekimen hori sionisten presentziarekin aurrera ateratzea".

Bereziki Vueltako protesten ondoren "ezkerreko alderdien diskurtsoa aldatu" egin dela dio plataformak, eta Nafarroako Gobernuak, adibidez, "bere kontratuak berrikusiko zituela" adierazi zuela. Baina, "ekintzei begiratuta", salatu du lehengo jarrera konplizeari eusten diola PSN buru duen gobernuak. Tranpolin Txapelketaren normaltasuna babesteko, "isunak eta galera ekonomikoak" hartu ditu aitzakiatzat besteak beste.

EZ DAGO IRUZKINIK