AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Al Jazeera
2025/09/19 09:47

Israelgo Estatuko Finantza ministro Bezalel Smotrichek berriki adierazi du, Jaffa/Tel Aviven egindako higiezinen konferentzia batean, Israel eta Amerikako Estatu Batuak Gazako lurraldearen banaketa posible bat negoziatzen ari direla. Gazaren inbasioaren eta lurraldearen erabateko suntsipenaren ondoren izango litzateke zatiketa hori, eta "higiezinen urrezko meatze" gisa deskribatu du Zerrenda.

Smotrichek nabarmendu du "diru asko inbertitu dugula gerra honetan", eta berretsi du Gazaren suntsiketa "hiriaren berrikuntzaren lehen fasea" dela, bi herrialdeen onurarako berreraikiko bailitzateke gero. Prentsa sionistak eta nazioarteko hedabideek zehaztu dutenez, Smotrichek eta Israelgo ultraeskuineko beste ministro batzuek argi eta garbi sustatzen dituzte Gazako lurrak higiezin-proiektuen pean eraikitzeko eta ustiatzeko planak, Palestinako herritarrak kanporatuz.

Bestalde, Donald Trumpek proposatu du Gazako Zerrenda okupatua "Ekialde Hurbileko Riviera" bihurtzea. Washington prest agertu da, gerra amaitu ondoren, lurraldearen "berreraikuntza" eta garapen ekonomikoa gidatzeko, Israelgo eta AEBetako iturrien arabera.

Okupazio-armada sionistaren erasoek 65.000 palestinar baino gehiago erail dituzte jada 2023ko urritik hona, Gaza eta Al Shatea errefuxiatu-eremuaren aurkako azken bonbardaketetako dozenaka biktimak barne. Hala ere, eraildakoen benetako kopurua askoz ere handiagoa izan daitekeela uste da.

Kazetariek eta erakunde humanitarioek ohartarazi dutenez, laguntza humanitariora bideratutako erantzun politikoetatik urrun, ministro sionistek publikoki esan dute Gaza berreraikitzea negozio errentagarria izango dela Israelgo Estatu kolonialarentzat, lurraldea erabat suntsitu eta palestinar populazioa lekuz aldatzera behartu ondoren, zeinak uko egiten dion erbesteratua izateari.

EZ DAGO IRUZKINIK