AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/03 15:53

Bilbon (Bizkaia), Enekuriko igoeran, Espainiako Vuelta gelditu dute Palestinarekin Elkartasuna plataformako hainbat kidek, Israel Premier Techen parte-hartzeari ezetz esateko. Israelgo Estatuaren desegitea exijitzeko eta palestinar erresistentzia babesteko pankarta bat eskuetan hartuta, lasterketa zenbait minutuz moztu dute pertsona batzuek, Palestinako banderak ere erakutsiz. 

Halako protesta-ekintza ugari izaten ari dira Espainiako Vueltaren aurtengo edizioan, Israelgo Estatu terroristako txirrindularitza-taldea parte hartzen ari baita lehiaketan. Hala, azken egunetan, hainbat etapatan blokeatu dute bidea Palestinaren alde eta sionisten parte-hartzearen aurka; esaterako Figueresen (Gironan).

Tentsio-giroa ikusita, txirrindularitza-taldeetako ordezkariek bilera egin dute, "txirrindularien segurtasuna" eta Israel Premier Techek lasterketan jarraitzea aztertzeko. Iturri ofizialek Eurosport-i adierazi diotenez, hainbat taldek esan dute "nahiago dutela Israel Premier Techek lehiaketan parte ez hartzea, txirrindulari guztien segurtasuna babesteko". La Vueltako antolakuntzak ohartarazi du Israelgo Estatu genozida ordezkatzen duen taldearen jarraipena defendatuko duela, nahiz eta haren inguruko "giro politikoa" aitortu duen.

Nafarroan, aurreko protesta batean, txirrindulari bat erori da errepidean, aktibista batzuk Palestinako banderak zeramatzatela eta Palestinaren aldeko oihuak egiten ari zirela. Foruzaingoak esku hartu du, hainbat manifestari atxilotuz eta identifikatuz. Talde sionistaren kontrol-dispositiboa nabarmen handitu da azkenaldian, eta polizia-eskolta iraunkorrak izan dira lasterketan zehar.

Estatu sionistaren bandera daraman talde israeldarra boikot politikoaren erdian dago palestinarren aurkako genozidioagatik. Bere parte-hartzea salatzeko protestek balio izan dute, Israelen presentzia normalizatu beharrean, 2025eko Vuelta izan dadin Israelgo Estatuari kirol-boikota egiteko Europako kanpainarik handienetako bat; izan ere, kirol-esparrutik atera eta Palestinaren askapenaren aldeko aldarrikapenen bozgorailu esanguratsua bihurtu da.

EZ DAGO IRUZKINIK