AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/05 10:05

Israelgo Parlamentuak Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) jarduera debekatu du, legedia berri baten bidez. Horren barruan, agentziak funtzionario israeldarrekin duen harreman ofizialari ere jarri diote debekua sionistek. Palestina okupatuko lurralde guztietako operazioei eragiten die horrek, 1948ko lurraldeetatik Gazaraino, non UNRWAk bi milioi pertsona baino gehiagori ematen dien laguntza humanitarioa.

Murrizketak hiru hilabeteko epean sartuko dira indarrean, eta UNRWAren sarbidea blokeatuko dute sionistek lan-baimenetan eta bisetan. Horrek eragin zuzena izango du, noski, Al Quds (Jerusalem) ekialdeko egoitzatik eta funtsezko beste kokapen batzuetatik jarduteko duen gaitasunean.

Parlamentu sionistak onartutako legeetako batek, esan bezala, debekatu egiten du Israelgo Estatuko funtzionarioen eta UNRWAren arteko edozein harreman mota, Gazako eta Zisjordaniako koordinazioa ezinduz. UNRWAk, gaur egun, "gatazkaren kontrako mekanismo bat" du indarrean, Israelgo Defentsa Indarrak (IDF)  deiturikoekin istiluak saihesteko.

Legedia berriaren onarpena Israelgo Estatuaren eta NBEren arteko tentsioen erdian gertatu da, Antonio Guterres idazkari nagusia non grata pertsona izendatu baitute sionistek. Munduko hainbat estatuk "kezka" agertu dute Israelgo Estatuaren azken pauso legalak direla-eta, oinarrizko laguntza humanitarioa eta baliabideak mugatzen dituelako; hala nola hezkuntza, osasuna eta elikagaiak, UNRWAk milioika errefuxiatu palestinarri bermatzen dizkienak gaur egun.

Josep Borrell Europar Batasuneko goi-ordezkariak eta Kanadako, Frantziako eta Japoniako gobernuek "nazioarteko zuzenbidearen aurkakotzat" jo dute neurria, Israelgo Estatuak aurrez inolako ondoriorik jaso gabe egin duen guztia bezala. Bitartean, Mahmud Abas Palestinako Agintaritza Nazionaleko presidenteak ohartarazi du sionisten azken neurriak "krisi humanitarioa larriagotzen" duela eta "Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari konponbide justua ematea zailtzen" duela.

EZ DAGO IRUZKINIK