AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE
2025/01/16 08:22

Gazako genozidioa aldi baterako eteteko akordioa asteazken honetan iragarri du Qatarko lehen ministroak, AEBek, Egiptok eta Qatarrek berak negoziazio luzeak egin ostean. Bitartekariek nazioarteko prentsaren aurrean jakinarazi dutenez, planak hiru faseko su-etena eta presoen trukea jasotzen ditu, baina ez dago ituna beteko dela ziurtatzen duen idatzizko bermerik.

Lehen fasea 42 egunekoa da, eta Hamasek 33 preso israeldar askatzea dakar; horien artean daude emakume "zibilak" eta 50 urtetik gorakoak, haurrak eta militar sionistak. Israelgo Estatuak, trukean, 30 preso palestinar askatuko lituzke preso "zibil" bakoitzeko. Gainera, tropa israeldarrak palestinarren eremu jendetsuetatik erretiratuko dira indargetze-gune batera, eta horrek errefuxiatu palestinarrak itzultzea eta laguntza humanitarioa bidaltzea ahalbidetu lezake.

Bigarren fasean, Palestinako Erresistentziak gainerako gizonezko presoak askatu beharko ditu, oraindik zehaztu gabeko palestinar presoen kopuru baten truke, eta indar sionistek Gazako Zerrendatik alde egingo lukete guztiz. Hirugarren fasean hildakoen gorpuak elkartrukatzea, Gazan berreraikitze-plan bat ezartzea eta setiatutako zonaldean muga-gurutzaketak berriro irekitzea aurreikusten da. Hala ere, Gazaren etorkizuneko kontrolari buruzko tentsioek hor jarraitzen dute; izan ere, Israelgo Estatuak kosta ahala kosta nahi du Hamasek boterea utz dezala eta ez dadila berrarmatu, eta Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak, aldiz, balizko trantsizio-gobernu batean parte hartu nahi du nolabait.

Akordioaren arabera, Israelgo Estatuak utzi egingo ditu Netzarim korridorea eta Al-Rashid kostaldeko errepidea, Gazako iparraldearen eta hegoaldearen arteko zirkulazioa erraztuz. Hala ere, Hamasek ez du idatzizko bermerik lortu bigarren fasea erabat ezartzeko, bitartekarien ahozko konpromisoez harago. Negoziazioek aurrera egiten ez badute, sionistek erasoei berriz ekiteko aukera izango dute, Benjamin Netanyahu lehen ministroak iradoki bezala.

Berme sendorik ez izateak zalantza sortzen du epe luzerako su-etenaren bideragarritasunaren inguruan. AEBetako eta Qatarreko bitartekariek espero dute "hasierako arrakasta" nolabaiteko "presio bat" izatea "bi aldeek akordioa betetzeko", nahiz eta handia izan genozidioari berriz ekiteko arriskua. Oraingoz, Palestinan bonbak botatzen jarraitzen dute sionistek, eta beste dozenaka pertsona hil dira azken orduetan.

EZ DAGO IRUZKINIK