Astebete igaro da Gazarako su-etena sinatu eta indarrean sartu zutenetik, baina orduztik, Israelgo Estatu genozidak gutxienez 97 palestinar erail eta beste 230 zauritu ditu, Gazako Gobernuaren arabera. Salatu dute okupazio-armadak akordioa 80 aldiz urratu duela, eta 21 arau-hauste erregistratu zituzten joan den igandean soilik. Deir al-Balahn eta Rafahn izandako bonbardaketa-olde batean izan dira azken biktimak, haurrak eta nazioarteko hedabideentzat zuzenean emititzen ari zen ekoiztetxe bateko kideak tartean.
Indar kolonialek "erantzun" gisa justifikatu dituzte azken erasoak, erresistentzia palestinarrak su-etena urratu duela defendatuz. Hamasek, ordea, gezurtatu egin du akusazio hori. Avichay Adraee bozeramaile militarrak ohartarazi zuen armadak "irmotasunez" erantzungo zuela "erasotzat" jotako edozein ekintzaren aurrean, eta Benjamin Netanyahuk, bitartean, "Gazako helburu terroristen aurka gogor egiteko" agindu zien soldaduei. Ordu batzuk geroago, Israelgo Gobernuak esan zuen "su-etena berriro indarrean jarri" zuela, nahiz eta Zerrendaren hegoaldean hogei toki baino gehiago bonbardatu dituen, Reuters-en esanetan.
Israelgo tropek eta Hamasen kontrolpeko Polizia gazatarraren unitate batek Rafahn liskar bat izan ondoren gertatu ziren erasoak; bi soldadu "israeldar" hil ziren bertan. Hamasen beso armatuak ukatu egin zuen liskarrean parte hartu izana, eta Israeli aldez aurretik abisatu gabe erasotzea leporatu zion. Donald Trump AEBetako presidenteak esan zuen egoerak "oso baketsua" izaten jarraitzen duela, erasoak eraso, eta su-etenak bere horretan segitzen duela. Bestalde, AEBetako Estatu-Departamentuak azaldu du "informazio sinesgarria" duela, "Hamasek zibil palestinarren aurka eraso egin dezakeela" adieraziko lukeena, ustez.
Azken konfrontazioen barruan, Gazarako laguntza humanitarioa aldi baterako eten eta Rafahko pasabidea itxi du estatu sionistak, preso israeldarren gorpuak itzultzeko baldintza jarri baitu. Tentsioko eta suntsipeneko testuinguru batean, gazatarrek bonbardaketa sistematikoei, laguntzaren blokeoari eta elikadura-eskasiari aurre egin behar diete berriz, eta nazioarteko "bitartekariak" (Egipto, Qatar eta Turkia kasu) gero eta ahulagoa den su-eten bati eusten saiatzen ari dira.