AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Manifestazioa Iruñean joan den martxoan, Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta.
2025/04/02 12:58

Asteburu honetan izango da Miguel Indurain Sari Nagusia, Lizarrako (Nafarroa) Txirrindularitza Klubak antolatuta. Hainbat urtez parte hartu du bertan Israel Premier Tech talde sionistak, eta, hori ikusita, txirrindularitzarekin lotura duten 70 bat pertsonak sinatu zuten adierazpen bat Lizarra inguruan, sionisten parte-hartzearen aurka: txirrindulariak eta txirrindulari ohiak, entrenatzaileak, boluntarioak, zaleak eta abar. Hemen irakur daiteke Palestinarekin Elkartasuna plataformak bultzatutako idatzia sinatu dutenen zerrenda.

Lizarrako Txirrindularitza Klubak gerora aurkeztu zituen aurtengo edizioa eta parte-hartzaileak, eta argitu ez dituen arrazoiak direla-eta, oraingoan ez da bertan izango Israel Premier Tech. Hala ere, Palestinarekin Elkartasunak salatu du klubarekin biltzen saiatu zela iaz, auziari buruz hitz egiteko, baina erantzuna ez zela ona izan: "Ez zuen horretarako borondaterik erakutsi". Horren ondorioz, "bestelako presio-mekanismoak" jarri ditu martxan plataformak, tartean, aipatutako idatzia. Eta badirudi eduki duela eragina.

Lortutako garaipenaren harira, Palestinarekin Elkartasunak azpimarratu du "borrokak merezi" duela: "Borrokan segitu dezagun heldu diren edizioetan ere, sionismoak ez dezan tokirik izan gure kirolean". Izan ere, sionistekin "harreman oro etetearen" aldeko borrokak duen garrantzia ekarri du gogora berriz, salatu baitu, kirol-munduan, "Israelgo Estatuaren enbaxadore" funtzioa betetzen dutela sionisten taldeek; Israel Premier Techek kasu. "Palestinan genozidio batean bete-betean murgilduta dagoen estatu kolonial baten propaganda-tresna baino ez da", diote Palestinarekin Elkartasunako kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK