AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/07/13 09:37

Kaleratze-data zenbaitetan atzeratu eta gero, familia bat etxegabetu dute Anoetan (Gipuzkoa): etengabeko kanporatze-mehatxuaren ondorioz, herritik alde egin behar izan du azkenean. "Errentatzaileak bere irabaziak handitu nahi izateagatik", azken buruan, "isilpeko etxegabetze bat gauzatu" dela salatu du Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak.

Polizia-indarrak maiatzaren 26an saiatu ziren, legez kontra, familia etxetik botatzen. Gero, ekainaren 12rako ezarri zuten kanporatze-data, baina epemuga hori behin-behinean atzeratzea lortu zutela jakinarazi zuten Etxebizitza Sindikatuko kideek. Horren ondoren, uztailaren 12rako, atzorako, egon da finkatuta etxegabetzearen data.

Negozioa

"Duela hiru urte, errentatzaileak 150 euro igo zigun alokairuaren prezioa; gure gain hartu ezin genuen igoera neurrigabe bat", esan du kaleratua izan den familiako kideetako batek, etxegabetzea nola gertatu den azaltzean: "Guk aurreko prezioa ordaindu arren, jabeak etxegabetzea martxan jarri zuen". Jabeak, gainera, 4.800 euro ordaintzea ere exijitu dio familiari, argudiatuta, orain arte, ez dituela nahi zituen irabazi guztiak lortu.

"Etxejabeek, langileen pobretzearen kontura, negozioa egiteko baliabide ugari dituzte. Horren adibide dira alokairuen prezio altuak edo prezioen igoerak, etxegabetzeak gauzatzeko dauden bitarteko judizialak, eta legearen marjinetatik kanpo erabiltzen dituzten baliabideak, inpunitate osoz", adierazi dute Etxebizitza Sindikatuko kideek.

Alternatiba bat izateko zailtasunak

Familiak seinalatu du, bestalde, zailtasunak izan dituela beste etxe bat bilatzeko eta bizitoki-alternatiba bat eskuratzeko. Anoetako Udalak ere ez dio inolako alternatiba errealik eskaini, jakinarazi dutenez. "Agerikoak dira instituzioek dituzten mugak etxegabetzeei eta etxebizitzaren arazoei erantzuteko. Instituzioek egin dezaketena, gehienez, miseria kudeatzera muga daiteke; bankuen, putre funtsen eta klase ertain errentatzailearen irabaziek bere horretan jarraitzen duten bitartean", azpimarratu du Etxebizitza Sindikatuak.

"Etxegabetzeen eta etxebizitza arazoen amaiera gizarte kapitalistaren amaierarekin etorriko da soilik", aldarrikatu du: "Zentzu horretan, arazo horiei aurre egiteko deia luzatzen dugu, etxegabetzeei aurre eginez, arazo sozialei kolektiboki aurre egiteko lan sindikala indartuz, edota langilegoaren bizi-baldintzen alde eginez eta horien hobekuntza exijituz". Etxegabetze guztien aurka, zehazki, kalitatezko etxebizitza, doakoa eta unibertsala aldarrikatu du Etxebizitza Sindikatuak.

EZ DAGO IRUZKINIK