AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ezkerretik hasita, Eider Garde eta Isabel Irigibel. ARGAZKIA / GEDAR
2022/10/17 12:05

Nafarroako 0-3 plataformako kideak dira Isabel Irigibel eta Eider Garde. Haur eskoletako hezitzaileak dira, eta haien lan-baldintzak hobetzeko borroka abiatu zuten aurreko ikasturtean, plataformako beste hainbat kiderekin batera. Duela 20 urte sortu zuten 0-3 plataforma, gaur egun ere Nafarroako haur eskolak arautzen dituen lege-dekretuaren itzalean.

Nafarroako Gobernua 2002an hasi zen dekretuaren zirriborroak idazten, eta 2007an onartu zuen lege gisara. Hezitzaileek azpimarratu dutenez, ratio zein baldintza fisiko eskasak ezarri zituen lege horrek, eta plataformak ez zuen emendakinak egiteko aukerarik izan. 

Neurriak egoera administratiboa aldatu zuen arren —Nafarroako Hezkuntza Departamentuak kudeatutakoak izatera igaro ziren gehienak—, udal titulartasunekoak dira haur eskolak. Gainera, eskolen kudeaketa "maltzurra" eta pribatizazio maila salatzen ditu plataformak, zentroen %70 pribatizatuta baitaude. Dena den, hezitzaile bakoitzaren ardurapean dagoen haur kopurua jaistea eta soldatak igotzea dira Nafarroako hezitzaileak batu dituzten aldarrikapen nagusiak. Hala, haien lan-baldintzez, borrokaren garapenaz, haur eskolen kudeaketaz nahiz azken akordioez mintzatu dute gurekin 0-3 plataformako kideek.


Hezitzaileen egoerari dagokionez, esangura handia dute ratioek. Nolakoak dira Nafarroako haur eskoletako ratioak?

Eider Garde: Ratioak haurren adinaren arabera arautzen ditu dekretuak. 0-1 adin tartean, zortzi umez arduratzen da hezitzaile bakoitza, 1-2 adin tartean, hamabi haurrez, eta 2-3 adin tartean, hamasei umez. Gero, dekretuak salbuespen gisa ezartzen du haurrak taldekatu daitezkeela adin mistoan; hau da, adinak nahasiz, ratio ezberdinak egon daitezke.

Zer gertatu da, orduan? Adin mistoei buruzko irizpidearen irakurketa maltzur bat egin dela. Adibidez, nik lan egiten dudan eskola sei unitatekoa da, eta guk, aurten, legez, bi talde genituen adin tarte bakoitzeko; alegia, sei talde osotara. Baina zer egin digute? Adin tarte bakoitzeko talde bat osatu dute, hiru osotara, eta gainontzeko haur guztiak nahasi egin dituzte, beste bi talde misto sortzeko. Salbuespenezko neurri horretaz probesten dira zerbitzua merkeago egiteko.

«Adin mistoei buruzko irizpidearen irakurketa maltzur bat egin da»

Hiru kudeaketa eredu daude haur eskolen sektorean: enpresa pribatuena, enpresa publikoena eta Estatuaren kudeaketa zuzenekoa.

E. G: Kudeaketa zuzeneko zentroekin gertatu dena da berezitasunak dituztela batzuek, horiek kudeatzen dituzten udalen eta udal horiek garatu nahi dituzten politiken araberakoak. Ez dago irizpide batasunik Nafarroa mailan, orduan, denetarik dago.

Isabel Irigibel: Normalean, kudeaketa zuzeneko eskoletan hobeak dira ratioei zein soldatei lotutako baldintzak.

E. G: EH Bilduk Nafarroako hainbat alkatetza hartu zituenean, baina, haur eskolak zituzten herrietan enpresa publikoak sustatu zituzten. Kasu horietan, enpresa udalarena da, baina estatu mailako hitzarmena aplikatzen da.

I.  I: Nik, adibidez, enpresa publiko batean egiten dut lan, baina, azkenean, eredu publikoko ezaugarririk okerrenak nahiz eredu pribatuko okerrenak nahasten dira baldintzetan. Enpresa publikoa da, bai, baina kudeaketa pribatua da finean.

E. G: Askok uste dute enpresa publikoa panazea dela, baina tranpa bat da.  Eta EH Bilduren mezua da, gainera, “guk publifikatu nahi dugu”; baina egin dutena ez da eskola publifikatzea. Publifikatzea udal langileak izatea da, beste alor guztietan bezala. Hala ere, erabat pribatizatutako zentroetan baino baldintza zertxobait “hobeak” dituzte eredu horretan, kakotxen artean.

«Askok uste dute enpresa publikoa panazea dela, baina tranpa bat da»

Soldata-igoera da zuen aldarrikapen nagusietako bat. Zeintzuk dira egungo baldintzak?

I. I: Oso sakabanatuta gaude, eta ez da berdina denon egoera. Soldatari lotutako baldintzak eskola bakoitzaren araberakoak dira, eta horrek egoera zehatz batean uzten du eskola bakoitza.

E. G: Nafarroan gure lehenengo salaketa potoloa izan zen, hain zuzen ere, lan berdina egiteagatik ez dela berdin kobratzen, eredu publikoan aritu arren. Nola da posible? Batzuek urtean 1.595 orduz egiten dute lan, beste batzuek 1.661 orduz...

I. I: Batzuek hilean 1.600 euro kobratzen dituzte, beste batzuek 1.100 edo 1.000 euro... Eta horrela etengabe. Kolektibo bezala ere zaila da haur eskoletako hezitzaileak batzea, bakoitzaren lan-baldintzak oso desberdinak baitira.

Nola ekin zenieten iazko mobilizazioei haur eskoletako hezitzaileek?

I. I: Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN) sartu zen gobernuan 2019an, Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra, Podemos eta EH Bildurekin akordioak sinatu ondoren. Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra eta EH Bildu gertukoak izan dira guretzat eta aldarrikapenak egiten jarraitu genuen, baina, une jakin batean, ikusi genuen ez zigutela kasurik egiten eta beteko ez zituzten akordioak sinatzen zituztela. Bitartean, isilik geunden gu.

E. G: Indar gutxi genuen politikoki ezer aldarrikatzeko, eta apustu bat egin genuen: bideo batzuk egin genituen haur eskoletako egoera azalduz, jendea nolabait berotzeko. Bideoak zabaldu genituen, eta 0-3 plataformaren oihartzuna handitzen hasi zen. Galdetegi bat ere sortu genuen, gehienbat, sektoreko grebaren gaiari helduz. 103 haur eskola daude Nafarroan eta bederatzi zentrotako langileak geunden, garbi, grebara jotzeko prest.

Galdeketan, besteak beste, "nola sentitzen zara lana amaitzen duzunean?" galdetu genien langileei. Ratioen zein soldaten inguruan galdetu genien, baita sektorean greba batera deituko balitz deialdiarekin bat egingo luketen ere. Azken horri %80ek baino gehiagok eman zioten baiezkoa. Plataforma indartu zen orduan, eta eskolaz eskola egin genien hots langileei, greba batera batuko ote ziren galdetuz. Beroketa lana oso indartsua izan da.

I. I: Egutegi bat finkatu genuen orduan, eta hamabost egunero mobilizazio bat egitea erabaki genuen. Ostegun Horiak jarri genituen martxan, eskolak apaintzen genituen astero, idatzizko artikuluak banatzen genituen haurren familien artean, langileen artean, eta abar. Kontzientziazio lan handia egin genuen.

E. G: Haurren familiak geure alde jartzea ere garrantzitsua izan zen. Zaila izan zen, baina gure mezua hain da garbia eta gure egoera hain da txarra, familiek ere ulertzen dutela. Ratioei dagokienez, adibidez, galdetzen duten lehenengo gauza da ea beste zenbat haurrekin egongo den eskolan haien seme edo alaba.

Joan den maiatzean hasi zenuten greba mugagabea.

I. I: Bai, maiatzaren 2an hasi zen greba eta ekainaren 30ean amaitu zen.

E. G: Ezarri zizkiguten gutxieneko zerbitzuak, ordea, oztopo bat izan ziren.

I. I: Nafarroako haur eskolen sektorean ez dago grebei begirako araudirik, eta udal bakoitzak bere irizpide propioekin zehazten ditu zerbitzu minimoak. Udal batzuek %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituzten, gure grebarako eskubidea ukatuz, eta beste batzuek, berriz, %75ekoak, langileon greba egiteko eskubidea eta familien eskubideak bermatuz. Baina ez zituzten haurren eskubideak bermatu, hezitzaile gutxiagorekin bertaratzen baitziren eskolara. Ratioen gatazka zen greba egiteko gure arrazoietako bat, baina bakoitzak haur gehiagoren ardura izanda egin behar izan genuen lan grebak iraun zuen bitartean.

E. G: Umeen %100 genituen eskoletan, langileen %50 lanean ari ginen bitartean. Oso gogorra izan zen guretzat, bai eta haurrentzat ere.

«Nafarroako haur eskolen sektorean ez dago grebei begirako araudirik»

Bien bitartean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, Lurralde Kohesio Batzordeak eta Hezkuntza Departamentuak haur eskolei buruz hitz egiteko mahai bat sortu zuten: Haur Hezkuntzako Lehen Zikloari buruzko Koordinazio Batzordea.

E. G: Apirilaren 27an sortu zuten organo hori. Auzi honetan, talka bat dago udalen eta gobernuaren artean: udalek esaten dute Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoak direla haur eskolak, baina gobernuak dio udalen eskumenekoak direla. EH Bilduk gehiengoa du federazio horretan, eta nahi duen guztia ateratzen da aurrera. Egoera horretan, mahai bat sortzea eskatu zuen EH Bilduk, gobernuaren eta federazioaren arteko organismo moduko bat, finantzaketaz —udalei ez zaie ematen haur eskolez arduratzeko behar duten diru guztia—, hezkuntzaz eta kudeaketa ereduaz eztabaidatzeko. Finantzaketari lotutako gatazka bat dago nagusiki, udalen eta gobernuaren artean.

Federazioak kudeaketa amankomunerantz jo nahi du, hau da, kudeaketa Hezkuntza Departamentuaren esku egotea nahi du. Hezkuntza Departamentuak, berriz, partzuergo moduko bat eratu nahi du, haur eskolen gaineko ardura elkarbanatzeko.

Dena den, akordioak alboratu ziren organo horretan, eta maiatzaren 2rako deitu genituen grebara sektoreko langileak. Bat-batean, greba baino hainbat egun lehenago, mahai horretara gonbidatu gintuzten; apirilaren 27ko bileran parte hartzeko esan ziguten.

Orduan eszenifikatu zen EH Bilduk akordioan adostua zuen mahaiaren sorrera, eta, politikoki, lan-gatazkaren negoziazio-mahai modura mozorrotu dute. Guri ez ziguten, ordea, elkarrizketa horretako gai-zerrendan ezer sartzen utzi. Hala ere, gure proposamenak denboralizazio batekin lagunduta eraman genituen, egun batetik bestera aldarrikapen guztiak betetzea ezinezkoa zela bagenekielako.

Organo hori negoziazio-mahai bat bihurtu zela aipatu duzue. Zeintzuk ziren zuen aldarrikapenak mahai horretan?

I. I: Grebak iraun zuen bitartean, negoziazio-mahai bat izan zen. Baina ez zen benetako negoziazio bat izan berez, zirku bat baizik; dena programatuta zeukatela ematen zuen.

E. G: Gobernuak eta federazioak lorpen modura saldu dituzte azkenean akordioan onartu dizkiguten baldintzak, oraindik betetzeke daudenak: adibidez, soldatak igotzea sektoreko hainbat mailatan eta hezitzaileontzako laguntzaileak kontratatzea. Aurtengo irailean, baina, bazekiten hori eskaini eta emango zigutela.

I. I: Hala ere, astero bilera horietara bertaratzen eduki gintuzten. Langile kopurua bikoiztea eskatzen genuen. Ratioak aldatzea nahi genuen, baina, horretarako, eskola gehiago ireki beharko zituzten. Beraz, hezitzaile kopurua bikoiztea proposatu genuen ratioak aldatzeko.

E. G: Azken bileran, irailaren 7an, eskatzen genuena datorren urteko irailean kobratzen hastea eskaini ziguten, alegia, oinarrizko soldata gehi hiru osagarriak. Laguntzaile kopurua bikoiztuko zutela ere esan ziguten.

Hurrengo aurrekontuak 2023. urterako direnez, baina, urtarriletik hasita hobekuntzak nahi genituela esan genien. Baina ezetz esan ziguten, aurrekontu-akordioak agintaldian zehar soldatak igotzea zehazten bazuen ere; maiatzean amaitzen da haien agintaldia. Hala ere, hori ez dutela beteko esan ziguten, argi eta garbi. Zuzendari nagusiari galdetu genion.

«Ez zen benetako negoziazio bat izan berez, zirku bat baizik; dena programatuta zeukatela ematen zuen»

Navarra Sumak haur eskolen kudeaketa eta langileen baldintzak aldatzeko lege proposamen bat aurkeztu zuen maiatzean Nafarroako Parlamentuan.

E. G: Guk, berez, ez genuen lege proposamena gustuko. Soldata-igoera bat argi agertzen zen proposamenean; bestalde, ordea, ratioak zein kudeaketa eredua berrikustea proposatzen zen, baina epeetan jarri gabe. Mahai gainean zegoen aukerarik onena zen, dena den, eta publikoki esan genuen hori. Hala ere, beste lege proposamen bat sortu eta lehen aipatutako mahaian aurkeztu genuen, zer nahi genuen zehaztuz.

I. I: Lege batek, azken finean, bete egingo dela bermatzen du; betetzen ez bada, epailearengana jo eta hark betearaziko du. Akordioekin ez da hori gertatzen; bete daitezke edo ez. Beraz, beste lege proposamen bat egin eta politikari guztiei helarazi genien, baina ez digute kasurik egin.

Navarra Sumak hezitzaileon 30 eguneko greba baten ondoren aurkeztu zuen bere lege proposamena, eta gero, beste 30 egunez egin genuen greba. Uda osoa igaro zen eta, Navarra Sumaren lege proposamena tramitatu behar zenean, bezperan, akordio bat sinatu zuten gainontzeko alderdi guztiek.

«Navarra Sumaren lege proposamena tramitatu behar zenean, bezperan, akordio bat sinatu zuten gainontzeko alderdi guztiek. [...] Haur eskolen inguruko ezein lege proposamen edo araudiaren alde ez bozkatzea adostu zuten»

Zer adostu zuten akordio horretan?

E. G: Haur eskolen inguruko ezein lege proposamen edo araudiaren alde ez bozkatzea adostu zuten. Navarra Sumaren lege proposamenarekin aurrera ez egiteko konpromisoa hartu zuten, orduan, baina guk zera galdetzen diogu geure buruari: bizitza osorako? Hurrengo agintaldira arte?

I. G: Mahai gainean zegoen lege proposamena blokeatzeko sinatu zuten akordioa, gainontzeko alderdientzat porrot bat baitzen, hauteskundeen atarian, Navarra Sumak arazoa konpontzea.

«Alderdi berdinek akordio bera sinatu dute behin eta berriro, soldata-igoerak edota ratioak egokitzeko neurriak guztiz bete gabe»

Beste legeren bat idaztea proposatu al dute?

E. G: Ez, beste proposamenik ez dago.

I. I: Akordioa besterik ez dago oraingoz. Azken akordioaren arabera, laguntzaileen kontratazioari eta soldata-igoerei lotutako baldintzen aplikazioa urtarrilera aurreratuko dute, hurrengo ikasturte hasierara itxaron beharrean. Haur eskolei buruzko seigarren akordioa da jada Nafarroan, eta aurreko bostak ez dituzte guztiz bete. Eiderrek [Gardek] eginiko bideoetan argi ikusten da: alderdi berdinek akordio bera sinatu dute behin eta berriro, soldata-igoerak edota ratioak egokitzeko neurriak guztiz bete gabe.

E. G: Azken akordioa sinatu zenean askok txalotu zuten, horien artean, LAB sindikatuak. Baina azken zazpi urteetako seigarren akordioa da orain mahai gainean dagoena; gutaz barre egiten dutela ematen du.

I. I: Aurrekoen tankerako akordio bat da eta, gainera, politikari berdinek adostutakoa. Zatitu egiten gaituzte; gobernuak urtarrilean ezarri nahi dituen aldaketekin, hezitzaile asko aldendu daitezke borrokatik. Botoa Nafarroako Alderdi Sozialistari ematen dion hezitzaileak, agian, borrokatzeari utziko dio, eta EH Bildu eta LAB ere, agian, bereizi egingo dira.

«Zatitu egiten gaituzte; gobernuak urtarrilean ezarri nahi dituen aldaketekin, hezitzaile asko aldendu daitezke borrokatik»

Azken akordioak ez ditu 0-3 plataformaren helburuak betetzen, beraz?

I. I: Ez, ez ditu irakasle bakoitzeko haur ratioak jaisten, eta haur eskolen kudeaketa eredua ere ez du aipatzen.

E. G: Ratioen inguruan, laguntzaileen kontratazioak 55etik 110era igotzea proposatzen du, baina nik lan egiten dudan eskolan, adibidez,  lau ordukoa baino ez da laguntzailearen lanaldia. Gainera, bost haur talde daude beteta, eta laguntzaileak taldeetako batekin baino ezin du lan egin.

I. I: Eta lan prekarioa sortzen da horrela: eguneko lau orduko lanaldi bat, soldata oso baxuarekin.

Merezi izan du borroka hastea?

I. I: Oso polita izan da egin dugun borroka, baita kolektibo moduan lortu duguna ere. Modu honetan ikusten da posible dela, antolatuta eta lan eginda, gauzak aldatzea. Hala ere, isilarazi egin gaituzte orain.

E. G: Itxoitea besterik ez zaigu gelditzen, akordioa betetzen duten edo ez ikustea.

Ikasturte honetan, orduan, zain geratuko zarete?

E. G: Ez, urtarrilaren 31a daukagu gehienezko data modura zehaztuta. Ordurako azken akordioa betetzen ez badute, kalera aterako gara. Akordioa betetzeko, hala ere, 2023rako proposatu dituzten aurrekontuak onartu behar dira halabeharrez, eta oraingoz ez dago horren bermerik. Onartuko ez balira, zer egin beharko genuke?

EZ DAGO IRUZKINIK