AKTUALITATEA / Desokupazio-enpresak
Irungo familia bati jazartzen ari da DesokupaCyL
Desokupazio-enpresak berak zabaldutako bideo batean, matoi batek 20 eguneko epea ematen dio familiari etxea utz dezan: "Maiatzaren 5ean itzuliko naiz giltzen bila". Euskal Herriko herri ugaritan esku hartzen ari dira DesokupaCyLeko faxistak.
2026eko apirilaren 20 - 06:09
Irungo familia bati jazartzen ari da DesokupaCyL

Euskal Herrian jendea etxegabetzeko interbenitzen jarraitzen du DesokupaCyLek. Gaztela Leongo desokupazio-enpresak sare sozialetan erakusten ditu bere esku-hartzeetako batzuen bideoak, etxegabetu nahian ari den pertsonen aurkako jazarpenaren barruan. Atzo argitaratu zuen, ustez, Irunen (Gipuzkoa) grabatutako bideo bat: badirudi bertako familia bat bere etxetik bota nahian ari dela DesokupaCyL, pisuaren jabe legalak kontratatuta.

Desokupazio-enpresako matoietako bat ageri da bideoan, etxeko ateraino joan eta maizterretako bat bertatik irtenarazi baitzuen, mehatxuak zuzenean egiteko. Desokupatzaileak 20 eguneko epea eman zion pisua utz dezan: "Maiatzaren 5ean itzuliko naiz giltzen bila". Horrez gain, mehatxuen barruan, ea seme-alabarik ba ote duen galdetzen dio matoiak, eta iseka artean gaineratzen du: "Ziurrenik zure seme-alabak gure jarraitzaileak izango dira".

Azken hilabeteetan, Euskal Herriko herri ugaritan grabatutako bideoak plazaratu ditu DesokupaCyLek, bertan egin nahian ari den desalojoen erakusle. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak hainbatetan ohartarazi izan duenez, Barakaldon, Bilbon, Donostian, Lasarten, Zornotzan zein Berangon jardun du enpresa parapolizialak, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak eta familiak euren etxeetatik botatzen saiatzeko. Lekuan leku, baina, desokupei aurre egin die jende andanak: Barakaldon, adibidez, Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek emandako erantzunari esker, alde egin behar izan zuten desokupek.