Iruñerriko Kontseilu Sozialistak iragan den abenduaren 11n eman zuen Zentro Sozialistaren berri. Handik bi egunera, aurreko ostiralean, espazio berria jendaurrean aurkeztu zuten Kontseilu Sozialistako kideek, Errotxapea auzoko Urzainki kaleko 21. zenbakian, hain zuzen ere. Azaldu zuten bost banketxe direla espazioaren jabe legalak, baina hutsik eta inolako erabilerarik gabe mantendu dutela tokia azken hamabost urteetan.
"Zentro Sozialistak langile-klasearentzat erreferentziazkoa izateko eta bere bizi-baldintzetan hobekuntzak lortzeko asmoa du", nabarmendu zutenez; eta, finean, "proletalgoaren zerbitzura" egongo dela jakinarazi zuten. Hala, datozen asteetan jarriko dituzte martxan "etxebizitzaren auziaren, memoria historikoaren edo arlo akademikoaren inguruko proiektuak", "bai eta kultur- eta kirol-ekimenak ere".
Ostiralean egin zuen ate irekien jardunaldia Kontseilu Sozialistak, Zentro Sozialistaren moduko espazioen beharra azpimarratzeko eta espazio berriaren bidez bete nahi dituzten helburuak argitzeko. Hainbat auzokide bertaratu ziren aurkezpenera.