Azkeneko hiru asteetan hainbat eraso matxista atera dira argitara Nafarroan, eta Iruñean eta inguruan gertatu dira horietako batzuk: Errotxapean emakume bati katana batekin egin zion mehatxu haren bikotekideak; lantegi batean lan-jazarpena jasan zuen emakume batek; beste emakume bati sexu-erasoa egin zioten Iruñean eta, salatu ondoren, erasotzaileak sutea eragin zuen bere etxebizitzan; eta, Orkoienen, emakume bat eraso zuen bikotekideak eta urruntze-agindua urratu zuen gero.
Iruñerriko Itaiak, hala, protestara dei egin zuen abenduaren 30erako, asteazkena. Indarkeria matxista orori aurre egin lema hartuta, 150 pertsona inguru elkartu ziren Iruñeko udaletxe aurrean.
Itaiako kideek adierazi zutenez, kontuan hartu beharrekoa da "pandemiak azkartutako krisi testuinguruak areagotu egin dituela indarkeria testuinguruak", alde batetik, "proletarizaziorako joeragatik" eta, bestetik, eragindako "isolamendu sozialagatik". Ohartarazi zuten, hortaz, gero eta subjektu zaurgarriagoa eta kolpatuagoa dela emakume langilea.
ERANTZUNA
Gainera, azalera ateratzen diren indarkeria matxista kasuen harira, azpimarratu zuten "Estatuaren mesedera dauden komunikabideek" eraso horiek desitxuratzen dituztela, "zenbaitetan, eraso matxistei baino, horien ondorengo gertakariei emanez garrantzia".
Eraso matxistak salatzeko eta indarkeria matxista oroen aurrean "antolakuntzaren bidez erantzuteko" deia egin zuen Itaiak asteazkeneko elkarretaratzean. "Urte amaiera honetan, aipatutako eraso guztien aurrean erantzuna ematea dagokigu. Horretarako hautua egin genuen Itaiatik eta, hemendik aurrera, gure ekarpena egiten jarraituko dugu".
Itaiako kideek, bestalde, beharrezkotzat jo zuten "emakume langileon kontrako eraso ororen aurrean erantzun eraginkorrak hedatzea, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatzea eta emakume langileok egoera horietatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea".