Gizon bat ikertzen ari dira Iruñerrian, komun batean eta hainbat aldagelatan jendea ezkutuan grabatzeagatik. Iruñerriko ikastetxe batean egiten zuen lan erasotzaileak, eta irakasleek eta beste langile batzuek erabiltzen duten komunean jarri zuen kamera txiki bat, ezkutatuta.
Horretaz gain, gizonezkoak erabilitako gailuak aztertzean, ohartu dira beste toki batzuetan ere martxan zituela kamera batzuk. Itxura denez, Iruñerriko hainbat saltokitako aldageletan ere jarri zituen kamerak, jendea ezkutuan grabatzeko. Oraindik ez dute zehaztu, denera, zenbat pertsona grabatu dituen gizonak euren borondatearen kontra.
Itaiaren deialdia gaur arratsalderako
Erasoak salatzeko, protestara deitu du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Kontzentrazio bat antolatu du gaur arratsalderako, Udaletxe Plazan: 19:00etan hasiko da, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean.