AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / X-tik hartutakoa
2026/02/06 10:27

Ertzaintzaren bortizkeria erakusten duen beste kasu baten berri eman du elDiario.es atariak. Irunen (Gipuzkoa) izan ziren hedabideak azaldutako gertakariak, 2023ko uztailaren 22an, goizaldeko 03:00ak aldera. Ertzaintzak eta udaltzainek pertsona bati jazarri zioten kalean, eta agente batek (25145 zenbakidun plaka darama) bera kolpatu zuen azkenean, bizilagun batek grabatutako bideoak frogatzen duenez. Ertzainak ukabilkada bat jo zion, eta biktima erantzun ezinik geratu zen lurrean. Hala ere, onik zegoen edo ez ziurtatu gabe eta laguntzarik eman gabe, alde egin zuten bertan zeuden bost ertzainek eta lau udaltzainek. 

Zaurituarengana hurbildu zen kalean zegoen pertsona bat, eta larrialdi-zerbitzuek jaso zuten nola jakinarazi zuen biktima "ezin zela mugitu". Polizia orduan hurbildu zen tokira bigarren aldiz, tartean, aurrez bertan egon ziren zenbait agente. Aipatutako komunikabideak seinalatu duenez, poliziek gezurra esan zuten momentu horretan, irrati bidez egoeraren berri ematean: esan zuten biktima edanda zegoela eta haien kontra oldartu zela, eta bere burua zauritu zuela horma baten aurka jota. Hori gutxi balitz, mediku-arreta ukatu zioten, adieraziz ez zela beharrezkoa anbulantziarik bertaratzea.

Ertzaintzako Kontrol eta Gardentasun Batzordeak ikerketa amaitu omen du jada, eta aitortu du seinalatutako agenteek nahita ezkutatu zutela gau hartako eraso poliziala, bai txostenetan bai irrati bidezko komunikazioetan. Gainera, ebatzi du poliziek "ezkutatu" egin zutela arreta medikoa eskatu zuen pertsona "minutu batzuk lehenago" erasotua izan zela. "Funtzionarioaren jokabideak objektiboki eta legez kontra eragiten dio erasoa jasan zuen pertsonaren osotasun moral eta fisikoari", dio aipatutako batzordeak. Bertan zeuden gainerako polizien jarrera ere kritikatu du, ez esku hartu izanagatik.

Biktimak gertakariak salatu zituen Irungo Instantzia Epaitegian, eta oraindik zabalik dago auzia, operazioan izan ziren polizia-agenteen aurka. Itxura denez, Ertzaintzak zenbait neurri hartu zituen 25145 agentearen kontra, baina behin-behinekoak soilik: hainbat hilabetez bakarrik mantendu zuten polizia-indarretik kanpo, eta "oinarrizko" soldata jaso zuen denbora-tarte horretan. 2025eko otsailean itzuli omen zen Ertzaintzara, eta ez dute argitu ea zein lan betetzen duen gaur egun.

EZ DAGO IRUZKINIK