2012an ireki zuten Iruñeko (Nafarroa) makrokartzela, eta, orain arte, ez da bertako egoeraren inguruko ikerketarik egin. Nafarroako Salhaketa kolektiboak, baina, maiatzean aurkeztu zuen Nafarroako Espetxe-Errealitateari buruzko Mapeoa; hainbat preso eta preso ohiren, euren senideen eta administrazio publikoko lekukotza batzuk bilduz osatua. Hala atera nahi izan du argitara hain opakua den (eta aldi berean instituzio bat den) toki bateko errealitatea: kartzelakoa, alegia.
Nafarroako Salhaketako Andoni Burgueterekin eta Iruñean preso egon den pertsona batekin (Miguel izen faltsua erabiliko dugu) hitz egin du GEDAR LANGILE KAZETAk, presondegiko egunerokoa hurbilagotik ezagutzeko, eta bertan gatibu daudenek jasaten dituzten urraketen berri izateko. Izan ere, kolektiboak erabilitako kategorizazio bati helduz, ikaragarria da "kartzela legalaren" eta "kartzela errealaren" arteko aldea.
Pilaketa: desegindako moduluak eta preso kopuruaren gorakada
"Barrura nindoanean, banekien izorratuta egongo nintzen toki batera nindoala. Ez nekien nolakoa izango zen toki hori, baina, aldi berean, banekien nora nindoan", azaldu du Miguelek. Andonik gaineratu duenez, "beldur handiarekin" sartu ohi da kartzelara jendea, "ez baitaki nolakoa izango duen aurretik daukana".
Miguel 3. moduluan izan zuten gatibu. Bertan 72 presorentzako plazak dituzte ofizialki, baina 130 inguru dira gaur egun; bikoitza. "Izugarri jende mordoa ginen", ekarri du gogora. Pilaketa dela-eta, Andonik salatu du espetxe-araudia hausten dutela Iruñean, eta ez dela betetzen preso bakoitzeko zelda batek egon behar duela dioen printzipioa. Gainera, pilaketak eragindako arazo batzuk argi seinalatu ditu Miguelek: "Liskarrak. Haserrealdiak".
"Barrura nindoanean, banekien izorratuta egongo nintzen toki batera nindoala. Ez nekien nolakoa izango zen toki hori, baina, aldi berean, banekien nora nindoan"
Iruñeko makrokartzelan, berez, hamahiru modulu eraiki zituzten bere garaian, baina sei besterik ez dira erabiltzen. Dena den, Miguelek jakinarazi du apurka-apurka desegiten ari direla itxita dauden eremuak: zerbait izorratzen denean, zabalik ez dauden eremuetako materiala hartzen dute funtzionarioek. "Iturri bat apurtzen bada, beste moduluren batera joaten dira, hango iturri bat hartzen dute eta gure moduluan jartzen dute", dio.
2012tik hona preso kopuruan izan den bilakaera ere aztertu du Nafarroako Salhaketak, eta sekulako igoera antzeman du: "2012an, makrokartzela ireki zenean, 250 bat pertsonakoa zen espetxe-biztanleria. Orain, 420 inguru dira. Nabarmenak dira pilaketa-egoera eta hori arintzeko edo konpontzeko baliabideak jartzeko gaitasun falta".
"2012an, makrokartzela ireki zenean, 250 bat pertsonakoa zen espetxe-biztanleria. Orain, 420 inguru dira"
Gorakadaren arrazoiei buruz galdetzean, kausa bat azpimarratu du Andonik: Eusko Jaurlaritzak espetxe-eskumenak eskuratu izana eta, horrekin, Espainiako Estatuko Idazkaritza Orokorrak Zaballako (Araba) kartzela galdu izana, "erreferentziazko makrokartzela" gisa. Idazkaritzak Iruñeko espetxera jende gehiago bideratzea ekarri du horrek, hain justu. Horrez gain, Zigor Kodearen gogortzea edo hirugarren graduaren ezarpen murritza aipatu ditu Salhaketako kideak.
Zabor-elikadura eta ekonomatuaren nagusitasuna
Espetxeko egunerokoaz oroitzean, janariaren kalitate txarra da Miguelek nabarmentzen duen kontuetako bat, eta horren adibide bat aipatzen du: "Esaten ziguten hanburgesek %13ko haragia zutela, baina sukaldean lan egiten zuen mutil batek kontatu zigun %2 baino ez zela haragia". Ematen den janari eskasa ez den zerbait nahi dutenek, ordaindu beste aukerarik ez dute, ekonomatuan erosiz.
Hainbat pasarte zehatz ere gogoratzen ditu preso ohiak, adibidez, diabetes larri bat pairatzen zuen gazte batek zorabioak izaten zituela kartzelan, desnutrizioa zela-eta. Nafarroako Salhaketak argitu du, gainera, ez dagoela menu espezifikorik gaitzen bat jasaten duten presoentzat. Eta Miguelek oroitarazi du, bestalde, pertsona bati eman zioten janari-erretiluak lixiba-usaina zeukala behin: "Ez dakit nor izan zen; sukaldean bota ote zioten lixiba edo zer gertatu zen".
"Esaten ziguten hanburgesek %13ko haragia zutela, baina sukaldean lan egiten zuen mutil batek kontatu zigun %2 baino ez zela haragia"
Eta, elikadura negargarriaz gain, higiene-baldintzak ere negargarriak dira, lekukotzen arabera. "Sartu nintzen egunean, komuneko papereko hiru biribilki baino ez zizkidaten eman, hilabete eta erdirako. Gehiago nahi baduzu, ekonomatura joan behar zara. Lotsagarria da ekonomatuarena, irabaziekin lotuta dago dena", dio Miguelek. Horrez gain, Nafarroako Salhaketak gaitzetsi du ziegetako higienea ere eskasa dela, eta, bildutako testigantzetan, txintxeak edo sarna aipatzen dituztela presoek.
Drogak: legalak nahiz ilegalak
Espetxeko errutina hezurmamitzen hasita, ezinbestekoa da edonolako drogen presentziaz ere hitz egitea; bai substantzia ilegalak, bai botika modura aplikatutako droga legalak. "Oso ohikoa da, eta okerrena da gizarte-segurantzak arautzen duela eta haiek direla medikazioa ematen dizutenak", argitu du Andonik. Miguelek buruan dauka kartzelan ezagututako gazte bat, "problematiko" gisa definitzen zutena: "Egun osoa edukitzen zuten zainetatik medikazioa sartuta, eta inutil baten moduan izaten zuten, arazorik eman ez zezan. Zombie baten moduan pasatzen zuen egun osoa, beste asko pastillekin edukitzen dituzten bezala". Miguelek gehitu du errezetatutako pilulak direla kartzela barruan ikusi duen drogarik okerrena, nahiz eta "droga legala izan eta haiek eman".
"[Droga] Oso ohikoa da, eta okerrena da gizarte-segurantzak arautzen duela eta haiek direla medikazioa ematen dizutenak"
"Hortik kanpo, bestelako droga ere badago kartzelan. Denetarik dago", zehaztu du. Andonik hala dio: "Administrazio publikotik lortu dugun lekukotza batek kontatu digu drogen presentzia aberrantea dela espetxean; ez soilik antsiolitikoak, antidepresiboak eta abar. Eta jakinarazi digute drogak isolamendu-erregimenera ere iristen direla. Horrek egiten digu geure buruari galdetzea ea nola heltzen den droga horraino. Bakoitzak bere ondorioak atera ditzala".
Bestalde, drogei oso lotuta ageri zaigu osasun mentalaren auzia ere. Datu ofizial beldurgarri bat ematen du Andonik: 2024ko urtarriletik abuztura bitartean osasun-arretan izan ziren 289 artatzeen artean, 164 inguruk zuten lotura drogen kontsumoarekin. Hala ere, Nafarroako Salhaketak administrazio publikoan jaso duen testigantzak harago kokatzen du datu erreala: proportzioa %90era irits daitekeela dio.
2024ko urtarriletik abuztura bitartean osasun-arretan izan ziren 289 artatzeen artean, 164 inguruk zuten lotura drogen kontsumoarekin
Osasun-arretari eta preso dauden pertsonen osasunari dagokienez, besteak beste baliabide faltari egin dio erreferentzia Nafarroako Salhaketak, baina harago begiratu nahi izan du Andonik aterabide posibleen inguruan aritzean: uste du gakoa ez dagoela soilik osasunera baliabide gehiago bideratzean, "kartzelak husteko hautua egiteko" aukeran baizik; hirugarren graduen edo erdibideko baimenen bidez esaterako.
Torturak eta diziplina
Kartzelako opakotasunaren barruan, inpaktu berezia izan du auzi zehatz batek, Nafarroako Salhaketak mapeoaren berri eman duenean: tratu txarrak eta torturak salatu dituzte Iruñean preso dauden edo egon diren pertsonek. "Kexu izan den jendeak denetarik kontatu du: lotze mekanikoak, poltsa jasan zuen pertsona baten testigantza, jipoiak, kartzelariek espetxeko puntu itxuren batera joateko esan eta han jotzea, miaketetan presoen senideei egindako tratu txarrak, eta abar", jakinarazi du Andonik. Egoera horretan, hitz egiteko beldurra nagusitzen da biktimen artean, balizko errepresaliengatik.
"Kexu izan den jendeak denetarik kontatu du: lotze mekanikoak, poltsa jasan zuen pertsona baten testigantza, jipoiak, kartzelariek espetxeko puntu itxuren batera joateko esan eta han jotzea [...]".
Zenbait lekukotza "bereziki gogorrak" direla adierazi du Nafarroako Salhaketako kideak. Pertsona bat, adibidez, euste-mekanismoen bidez lotu zuten funtzionarioek, eta "esan zioten haurtxo bat bihurtuko zela, hurrengo 24 edo 48 orduak pixa eta kaka gainean egiten igaroko zituelako". Hala ere, tratu txarrak errutinaren parte direla azpimarratu du Andonik. Izan ere, biktimek, pairatutako jipoien berri ematean, "egunerokoak izango bailiran kontatzen" dituzte: "Ematen du barneratuta dutela jipoiak jasatea edo jasan izana".
Miguelek azaldu du "besterik gabe burua makurtzera" behartzen dutela espetxean, eta "umiliagarria" izatera heltzen dela presoek jasotzen duten tratua. Horren isla da funtzionarioei "jauna edo andrea" deitu behar izatea: "Otzan bihurtzen zara, arazoren bat ez izateko bakarrik". Horri lotuta, Andonik gogoeta egin du: "Azkenerako, kartzela diziplinatze sozialerako instituzio bat da, eta biolentzia gauzatzea dakar horrek […] Instituzionalizatutako biolentzia da".
"Kartzela diziplinatze sozialerako instituzio bat da, eta biolentzia gauzatzea dakar horrek […] Instituzionalizatutako biolentzia da"
Hori esanda, drogaren auziari heldu dio berriz: "Drogek betetzen duten funtzioa, hain zuzen ere, jendea baretzea da. Narkotizatu gabeko espetxe-biztanleria bat izango balute, askoz ere gatazka gehiago egongo lirateke". Gehitu du, hala, horretan datzala Iruñeko presondegi zaharraren eta berriaren arteko alde nagusietako bat: "Egitura zaharrak, eraikita zegoen moduagatik, presoek haien artean kontaktu handiagoa izatea eta antolatzea ahalbidetzen zuen; esaterako, aipatutako biolentziaren aurka. Kartzela berriarekin, aseptikoagoa da dena, eta bakartuago daude".
Barroteek ezkutatzen dutena
Egituratutako indarkeria hori, baina, barrote artean ezkutaturik geratzen dela dirudi. Hala, Andoniri nahiz Migueli galdetzean ea haien ustez jendarteak baduen kartzelako errealitatearen berri, argia da preso ohiaren erantzuna: "Nik uste dut ideiarik ere ez dutela". Harago joan da Andoni: "Jendeak ongi hitz egin ohi du espetxeari buruz; igerilekua duela, presoak jainkoak bailiran daudela bertan, janaria eta aterpea dituztela… Horixe da eskuin muturraren diskurtsoa. Gorakada erreakzionarioa izaten ari da, baita gorakada punitiboa ere".
Diskurtso horiei kontra egitea da Nafarroako Salhaketaren helburuetako bat, baita presondegietako errealitatea ezagutzera ematea ere. Andonik gogorarazi du, hala, 2012an, Iruñeko makrokartzela aurkeztu zutenean, "publizitate garai" bat izan zela: "Eder jarri zuten espetxe osoa, argazkiak ateratzeko. Kamerak etxera joan zirenean, baina, kartzela erdia desegin zuten". Hortaz, badirudi kartzela-errealitateak ez daukala horrekin zerikusirik.
Eta espetxeari gain hartzen dion iluntasunaren nahiz bertan jasaten diren askotariko urraketen erakusle gorena dira, zehazki, preso zeudela bizia galdu duten pertsona guztiak. Sekulako opakotasunak hartu ohi ditu heriotza horiek. Joan den otsailean, esate baterako, preso zegoen pertsona bat hil zen Iruñean, eta gaur-gaurkoz, oraindik ez dute gertatutakoa argitu. Nafarroako Salhaketak jakin ahal izan duenez, ordea, badirudi kasu horretan ere nabarmena izan zela kartzelaren utzikeria: "Anbulantzia ez zen garaiz heldu, eta orduak ziren ikusten zela pertsona hori ez zegoela ondo". Miguelek zorrotz gaineratu du: "Hiltzen utzi zuten. […] Eta kartzelan gertatzen dena kartzelan geratzen da".
"Hiltzen utzi zuten. […] Eta kartzelan gertatzen dena kartzelan geratzen da"
Iruñeko makrokartzela ireki zutenetik, gutxienez hamar lagunek galdu dute bizia bertan, eta beste bi espetxetik atera eta berehala zendu dira; "seguraski, kartzelari lotutako arrazoiengatik", Nafarroako Salhaketaren esanetan. Jasotako lekukotzetako batek salatzen zuena izan du gogoan Andonik: "[Presoak] Espetxe-produktuak gara".
Zigorraren aldeko diskurtsoei aurre
Andonik aldarrikatu du ezinbestekoa dela kartzela "maila sozialean positiboa dela" dioen "logikarekin haustea"; baita "gizarte bat, gero eta punitiboagoa izan, hobea izango dela" defendatzen duen ustearekin apurtzea ere. "Agerian utzi behar da kanpoan dagoenaren esentzia dela kartzela, eta gizarteak instituzio hori behar izateak inplikatzen duela zerbait gaizki doala; gizartea zeharkatzen duen biolentzia bat dagoela, halako egoerak ekidin ezin diren modu batean".
Kanpoan dagoenaren esentzia da kartzela, eta gizarteak instituzio hori behar izateak inplikatzen due zerbait gaizki doala
Hortaz, erreibindikatu du espetxea ez dela "gatazka sozialen soluzio bat"; "edo, gutxienez, hain justu gatazka horiek eragiten edo sortzen dituen sisteman errotutako soluzio bat dela. Ez da soluzio erreal bat, aringarri bat baino ez da; eta, gainera, baztertu egiten duena, laidotu egiten duena, eta gaitz eta biolentzia asko sortzen dituena".
"Kartzela ez da gatazka sozialen soluzio bat. Edo, gutxienez, hain justu gatazka horiek eragiten edo sortzen dituen sisteman errotutako soluzio bat da"
Miguelek, hain justu, modu honetan laburbildu du beretzat zer den kartzela: "Kartzela, niretzat, gela baten modukoa da, non egun madarikatu bakoitzean ari zaren pentsatzen leihotik salto egitean". Eta segitzen du: "Askatasuna orain inork ez dit kenduko. Hori da gehien baloratzen dudana […], nire amarekin egotea baino are gehiago. Eta berari ere esan diot: gehien baloratzen dudana askatasuna da ama, faltan gehien sentitu dudana han barruan".