Etenik gabe ateratzen ari dira argitara Euskal Herriko heziguneetan eskolak ematen ari diren irakasle erasotzaileen kasuak. Oraingoan ere, Iruñerrian (Nafarroa) jarri dute fokua: Nafarroako Musika Kontserbatorioan, gutxienez lau irakaslek egindako erasoak seinalatu dituzte ikasleek, eta Nekazaritzako eta Basogintzako Ikastetxe Integratuan, praktiketako begirale erasotzaile bat salatu dute.
Kontserbatorioko ikasleek eta Iruñerriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak agerraldi bat egin dute berriki, zentroko egoera larria azaltzeko. Bertako ikasleek duela hainbat hilabete salatu zituzten hainbat irakasleren eraso eta jarrera matxistak, eta, protesta gisa, eserialdi bat egin zuten eskolako sarreran. Hala ere, klaseak ematen jarraitzen dute gizon horietako bik, eta gainerakoak "edozein unetan itzul daitezke" zentrora, agerraldian ohartarazi dutenez.
Ikasleek zehaztu dute Kontserbatorioak badituela ezaugarri berezi batzuk, eta horrek "ohikoago" bihurtzen dituela eraso matxistak; hala nola, "klase indibidualizatuak, botere-harremanak, kontaktu bidezko lan-aukerak" eta abar. "Zaurgarritasun handiagoko egoeretan egon gaitezela errazten duten elementuak dira horiek", ikasleen esanetan. Hori gutxi balitz, eserialdia egin zutenetik jasandako jazarpena gaitzetsi dute: zentroak jazarri egin ditu eta haiek "desmobilizatzen" saiatu da, eta irakasle erasotzaileetako batek mehatxu egin die.
Iruñerriko Itaiak aldarrikatu du "erasoei aurre egin behar zaiela eta erasotzaileen inpunitatearekin amaitu behar dela", eta "ezinbestekotzat" jo du "indarkeria matxista kasuen aurrean antolatzea eta erantzun kolektiboak ematea". Lehentasun modura markatu du, hala, "heziguneak ikasleentzako gune seguruak direla bermatzea". Horretan ari dira lanean Kontserbatorioaren kasuan, eta ikasleek adierazi dute mobilizatzen eta erantzuten jarraituko dutela: "Erasotzaileak gure heziguneetatik kanpora!".
Praktiketako begirale baten erasoak, nekazaritza eta basogintza ikasketetan
Iruñerriko Ikasle Abertzaleakek (IA) eman du, bestalde, Nekazaritzako eta Basogintzako Ikastetxe Integratuari lotutako kasuaren berri. Jakinarazi duenez, bertako ikasleek praktikak egiten dituzten zentro batean jarduten du begirale erasotzaileak, eta "komentario zein jarrera matxistak eta sexistak" ditu. Aurreko urteetan, hainbat aldiz salatu dute gizonezkoa, jarrera matxistengatik hain zuzen ere: "Jakina da neska askorekin horrelako jarrerak izan dituela".
IAk salatu du, gainera, ikastetxeko zuzendaritza-taldeak baduela begirale horrek egindakoen berri; eta, hala ere, berdin-berdin segitzen dutela ikasleak praktika horiek egitera bidaltzen. "Ikasleek ikasketa-buruarengana behin baino gehiagotan jo badute ere, hark ez du inolako borondaterik erakutsi horren aurrean irtenbide errealak bilatzeko", gaineratu du, eta ikastetxeari exijitu dio "harreman oro eten" dezala praktiketarako zentro horrekin.
IAko kideek azaldu dute ikasleek mobilizatzeari ekingo diotela, "inolako erasorik erantzunik gabe geratzen ez dela bermatzeko". Gaur, astelehenez, zentro horretan praktikak egiten ari diren ikasleek planto egingo dute: ez dira erasotzailearen klaseetara joango, protesta modura.
Kasu ugari Iruñerrian
Iruñerrian, askotariko heziguneetan salatu dituzte irakasleek egindako eraso matxistak azken asteetan. Azken bi kasu horiez gain, hainbat irakasle erasotzaileren berri eman du IAk, adibidez, Burlatako Askatasuna institutuan eta Txantreako Eunaten. Ikasleek emandako erantzunari esker, lortu dute bietako zuzendaritzek euren jarrera konplizea aldatzea eta erasotzaileen aurkako neurriak hartzea.
Kontserbatorioko ikasleek denbora daramate hainbat irakasleen partetik eraso matxistak jasaten.
— Iruñerriko Itaia (@Itaia_Irunerria) March 16, 2025
Argi daukagu hauek ez direla kasu isolatuak, indarkeria matxista gure egunerokotasunaren parte baita.
⬇️⬇️ pic.twitter.com/FOtbPZyOoj
⚠️Beste erasotzaile bat Iruñerrian, oraingoan Agroforestalean.
— Iruñerriko Ikasle Abertzaleak (@IrunerrikoIA) March 16, 2025
Eraso ororen aurrean antolatzea dagokigu, ikasle antolakuntza baita erasotzaileen inpunitatearekin amaitzeko modu bakarra.
INDARKERIA MATXISTAREKIN AMAITU!
ERASOEN AURREAN ANTOLATU! pic.twitter.com/yZTw3UJuK0