AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/04 09:26

Etxegabetua izateko arriskuan dago emakume bat Iruñeko (Nafarroa) Artikaberri auzoan. 2005etik bizi da bertan, "zabor-hipoteka" deiturikoen goraldi betean hipoteka bat hartu eta etxe bat erosi baitzuen. Orain, etxe horretatik bota nahi du Ibercaja banketxeak, eta gaurko zegoen ezarrita horretarako data.

Etxe-kaleratzeari aurre egitera deitu zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: 08:30ean Maiatzeko Plazako Amak kaleko 3. zenbakira bertaratzeko deia zabaldu zuen. Hala, hainbat pertsona bildu dira bertan goizetik, etxegabetzeari kontra egiteko asmoz. Orain arte egindako borrokari esker, baina, ematen du momentuz kaleratzea atzeratzea lortu duela sindikatuak.

Kaleratzea atzeratuta, baina noiz arte jakin gabe

Segizio judiziala ez da gaurkoan Artikaberrira joan. Etxegabetzea eteteko asmoz, auzitegian hainbat dokumentazio eta ziurtagiri aurkezten ari da kaleratua izatear dagoen bizilaguna, eta badirudi horretarako epea luzatzea lortu dutela. Sindikatuaren esanetan, epaitegitik oraindik ez diete jakinarazi noiz arte atzeratu duten kaleratzea.

"Salatu nahi dugu, azken momentura arte, etxegabetu nahi duten emakumea ezinegonean mantendu dutela, zer gertatuko zen jakin gabe", esan dute sindikatuko kideek. Azpimarratu dute, gainera, antolatu eta esku hartu ez balute, gaur bertan gauzatuko litzatekeela Artikaberriko etxegabetzea; "teorian, etxegabetzeen moratoria indarrean egon arren".

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, "instituzioen promesa faltsuetatik haratago, antolakuntza independentea indartzeko apustua" berretsi du gaur; "etxegabetzeen eta etxebizitzaren negozioaren kontra". Borrokak merezi duela aldarrikatu du berriz, eta hurrengo berriei adi egotera deitu du.

Etxegabetze bat baino gehiago egun bakoitzeko

Hiru aste baino gutxiago dira Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak harrera- eta aholkularitza-baliabideak berriz ireki zituenetik, eta etxe-kaleratzeei lotutako 36 kasuren berri izan du jadanik. "Etxegabetze horietako asko iristeke daude, eta beste batzuk geldiarazten saiatzen ari gara, hainbat lege-baliabideren eta presio sozialaren bidez. Hala ere, datuak argi eta garbi erakusten du gure lurraldean gora egin duela etxebizitzaren arazoak", esan du sindikatuak.

EZ DAGO IRUZKINIK