AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/11 11:03

Bat egin dute Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Haritu Etxebizitza Sindikatuak, eta etxebizitza eskubidearen alde aterako dira kalera azaroaren 28an, Iruñean (Nafarroa). Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek manifestazio bat antolatu dute abenduaren 14rako, Bilbon (Bizkaia), eta deialdi horri begira mobilizatuko dira lehenago Nafarroako hiriburuan.

Etxebizitzaren arazoa, geroz eta larriagoa

Iruñeko Katakraken atzo egindako agerraldian azaldu zutenez, "langile-klasearen pobretze orokortu bat" izaten ari da, eta "etxebizitzaren auzia" gako nagusietako bat da horretan. Nabarmendu zuten "kapitalismoan kronikoa den arazo bat" dela etxebizitzarena, "baina gaur egun izugarri larriagotzen" ari dela.

Sindikatuen hitzetan, etxebizitza "gehiengoarentzat arazo larria den bitartean, gutxi batzuentzat aberastasuna pilatzeko balio du", eta, beraz, "batzuen etekina lehenesten da langile-klasearen oinarrizko beharrizanetarako sarbidearen aurrean".

Politikari profesionalak ere seinalatu dituzte Harituk eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Alderdi politiko guztien proposamenak antzekoak dira, eta etxebizitzaren negozioa sustatzea dute helburu". Sindikatuen ustez, "urgentziazko neurriak" hartu behar badira, horiek "negozioaren kontura" hartu behar dira. Izan ere, gaineratu dutenez, "etxebizitza merkantzia den bitartean, ez da eskubidea izango".

Abenduaren 14ko manifestazio bateratua eta Nafarroan mobilizatzeko deia

Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek duela bi aste iragarri zuten etxebizitzaren negozioaren kontrako manifestazio bateratu bat egingo dutela hurrengo hilean. Abenduaren 14an, Bilboko Plaza Eliptikotik hasiko da manifestazioa, 13:00etan. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk azaroaren 28an egingo duten mobilizazioak deialdi hori indartzea bilatzen du, baita Nafarroan etxebizitzaren auziak duen larritasuna salatzea eta herrialdean "dinamika mobilizatorio bat hauspotzea" ere.

Nafarroako "pertsona eta eragile orori" egin diote dei "mobilizazioan eta berau prestatzeko antolatuko ditugun lanegunetan" parte hartzera, eta laster emango dute hitzordu horien berri. Bestalde, Nafarroatik autobusak aterako dira Bilboko manifestaziora joateko, eta horren inguruko xehetasunak ere azalduko dituzte. Iruñerriko bi sindikatuek azpimarratu dute "mobilizazioa eta borroka" direla "kalitatezko etxebizitza unibertsal baterako bidean" aurrera egiteko modu bakarra.

EZ DAGO IRUZKINIK