AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/23 12:56

Joan den asteburuan izan da PSN alderdiaren 13. Kongresua Iruñeko (Nafarroa) Baluarten, eta bertan parte hartu du, besteak beste, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Bere bisita zela-eta, Iruñerriko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) protesta bat antolatu zuen atzo arratsalderako: Baluarte inguruan elkarretaratu ziren hainbat pertsona, nagusiki, "Sanchezen gobernu ustez aurrerakoiaren benetako aurpegi belizista gogor salatzeko". Manifestariek eskuetan zeramatzaten karteletan "Estatuen berrarmatzeari ez" edo "Gerrari ez" irakur zitekeen.

"Espainiako Gobernua ere, Europako beste estatuekin batera, eskala handiko berrarmatze bat prestatzen ari da", seinalatu zuen GKSk atzokoan. Horren erakusletzat jo zuen, adibidez, armen gastua BPGaren %2raino igo izana, "NATOren aginduari men eginez". "Europa sartuta dagoen krisi ekonomiko eta politiko sakonari industria militarraren hauspotzearekin erantzun nahi diete gobernu guztiek. Baina esaten ez dutena da industria militarrean halako inbertsio errentagarria egiteak gerrarako aukera areagotu baino ez duela egiten", ohartarazi zuen gazte-antolakundeak: "Mendebaldeko oligarkiaren irabazi kapitalistak eta blokearen posizioa mantentzeko, defentsaren izenean, gerra-egoerarako prestatu nahi gaituzte".

Horren aurka, GKSk esan zuen beharrezkoa dela "langileok instituzioetatik kanpo nazioarteko oposizio sendo bat eraikitzea", "Mendebaldeko oligarkiak, NATOk eta PSOE bezalako burgesiaren alderdiek langileon odol gehiago isur ez dezaten, irabazi kapitalista bermatzen jarraitzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK