AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Naiz-en bidez
2025/12/04 18:38

Parisko Instrukzio Auzitegiak atzo onartu zuen Iratxe Sorzabal preso politikoaren kontrako euroagindu bat, berriz epaitu ahal izateko Espainiako Auzitegi Nazionalean. Aginduak aurrera eginez gero, Madrilen egingo diote berriz epaiketa, 1996an ertzain baten aurka izandako ekintza armatu batengatik. "Talde terrorista" baten parte izatea, "hilketa terrorista" eta "kalte terroristak" leporatu nahi dizkiote, 25 urterainoko zigor gehigarri batekin.

Espainiako Auzitegi Nazionalak berak aurtengo maiatzean aitortu du, 25 urte beranduago, Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela 2001ean, atxilotu zutenean. Auzitegiak lehen aldiz onartu zuen "tratu ankerrak" eman zizkiotela eta, beraz, bere burua seinalatzeko deklarazioak torturapean egin zituela, eta absolbitu egin zuen bi auzitan.

Hala ere, berriz epaitu nahi dute bertan, eta horren kontra egingo du preso politiko irundarraren defentsak: atzo aurreratu zuen kasazio-helegite bat aurkeztuko duela Parisko Auzitegi Gorenean, Berria-k jaso duenez. Defentsaren esanetan, helegite hori jartzean, esango du Europako zuzenbideak euroaginduak atzera bota izan dituela akusatuaren oinarrizko eskubideak arriskuan baldin badaude. Horrez gain, gogoraraziko du Sorzabalek torturapean deklaratu zuela duela mende laurden bat, eta Auzitegi Nazionalak aitortu duela horixe urte honetan bertan.

Frantziako Estatuan atxilotu zuten Sorzabal, eta beraz, Espainiako Estatuak martxan jartzen duen prozesu berri bakoitzeko, Frantziako agintaritzei eskatu behar die baimena. Frantziako Fiskaltzak urriaren 29an adierazi zuen irundarraren tortura salaketa Espainiako Estatuko auzitegiek aztertu beharko luketela eta ez Frantziakoek, Deia-ren arabera.

EZ DAGO IRUZKINIK