Joan den asteburuan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatu da Palestinarekin Elkartasuna plataforma, Iranen aurkako azken eraso inperialista gaitzesteko eta AEBen eta Israelen aurkako erresistentziari babesa adierazteko. Estatu Batuek eta estatu sionistak berriki bonbardatu dute Iran, Ali Khamenei buruzagi gorena eta 180 neskatu erailez besteak beste, eta erasoaldi militarra salatu du Palestinarekin Elkartasunak: "Eraso hau AEBen eta Israelen estrategia inperialistaren parte da, eta eskualdean euren hegemonia zalantzan jar dezakeen indar oro ezabatzeko helburua du".
Plataformak gogorarazi duenez, Donald Trumpek aitortu du "gobernu aldaketa behartzeko eskala handiko operazio" bat daukatela esku artean. Palestinarekin Elkartasunak ohartarazi du AEBen asmoa dela "Asia Mendebaldea euren interesen pean egonkortzea"; eta bilatzen dutena dela "euren aliatu fidela den Israel eskualdean jaun eta jabe izatea" eta "bere hegemonia zalantzan jar dezakeen agenterik ez egotea". "Israelek bere proiektu koloniala bururaino eraman dezake, inolako aurkaririk gabe", azaldu du kezkaz.
Interes horien arabera, plataformak uste du "Iran ahuldu edo garaitzea ezinbesteko baldintza" dela aliatu horientzat, "interes inperialista estatubatuar eta israeldarrei aurre egiten dien agente indartsuena baita". Azken "negoziaketa tranpatietan", hala, Irani hainbat baldintza inposatzen saiatu dira: "Uranioa aberasteari uztea, uranio aberastuaren erreserbak entregatzea, misil balistiko interkontinentalen programa bertan behera uztea, eta Erresistentziaren Ardatz izenpean ezagutzen den aliantza-sarearekin haustea". Iranek ez ditu baldintzak onartu. "Orain, diplomaziaren bidez inposatu ezin izan dutena gerraren bidez inposatzea bilatzen dute", seinalatu du Palestinarekin Elkartasunak.
AEBen eta sionisten oldarraldia Palestinarentzat ere "albiste krudela" dela nabarmendu dute plataformatik, gainera. "Gerran AEBak eta Israel garaile ateratzen badira, Israelek eskuak are libreago izango ditu palestinar herriaren aurkako sarraskia eta lurren kolonizazioa gauzatzeko", jakinarazi dute: "Era berean, palestinar erresistentziak baliabideak eskuratzeko zailtasun handiagoa izango luke eta eskualdean duen babes operatiboa arriskuan legoke".