AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/09/03 11:39

Gaur bost urte beteko lituzke Errotxapeako Gaztetxeak (Iruñerria, Nafarroa). Atzo, baina, espazioa hustu zuen poliziak, sarrailagile batek eta eraikuntza enpresa bateko langileek lagunduta. Gaztetxea nahiz inguruko lantegiak eraitsiko dituzte orain, etxebizitzak eraikitzeko; Iruñeko Udalak, Juslaberrik, La Caixak eta haren atzean dagoen Lone Star putre-funtsak jarri zuten martxan prozesua, eta hortaz, gaztetxearen desalojoa. "Espazioa hustearen helburua bakarra izan da, espekulazioaren bidez sistema kapitalistari laguntzen jarraitzea", salatu dute gaztetxeko kideek.

Izan ere, agerraldi bat egin dute gaur Karbonillan, eta mobilizaziora deitu dute berriz: manifestazio bat antolatu dute irailaren 11rako, Antolatzerik ez espaziorik gabe lelopean. Maiteminduen Parketik hasiko da manifestazioa, 18:00etan.

Poliziaren jazarpena

Gaztetxeko kideek gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, astea hasi zenetik "itogarria" izan da jasan behar izan duten jazarpen poliziala: "Polizia 24 orduz egon da gaztetxeko sarrerara gerturatzen zen gazte oro identifikatzen eta isuntzen". Atzo ere, goizean goizetik, "mugimendua nabaria" zela diote.

Desalojo agindua zela-eta, gaztetxeko kideek deialdi bat egina zuten atzorako: 08:30ean eraikin aurrera bertaratzera deitu zuten. Hala, jendetza joan zen ordu horretarako, baina polizia ere han zen ordurako, eta polizia-lerroa osatu zuen zuzenean. Gaztetxera bertaratu ziren 150 pertsona inguru identifikatu zituzten polizia-agenteek. "Guk helburu argi bat geneukan: espazioa defendatzea", argitu dute gaztetxeko kideek.

Espainiako Poliziak bortitz jo zuen protestara batu zirenen aurka, eta 50 pertsona baino gehiago zauritu zituen, gaztetxeko kideek gaurkoan jakinarazi dutenez. Ospitaleratu egin behar izan zuten zaurituetako bat. Gainera, sei lagun eraman zituzten atxilo Txintxillako polizia-etxera. Han igaro behar izan dute gaua, eta gaur goizean Iruñeko epaitegian deklaratu ostean, aske geratu dira.

Errotxapeako Gaztetxetik eskerrak eman dizkiete azken egunetan babesa eman dieten guztiei, eta elkartasuna adierazi diete atzo jazarriak eta zaurituak izan ziren kideei.

Antolatzerik eta jarduterik ez

Desalojoaren harira, gaztetxeko kideek salatu dute "gizarte kapitalistan espazioen erabilerarako legezko irizpidea poltsikoaren tamainak ezartzen duela": "Dirua duen horrek espazioak bere eskura dauzka, diru gehiago eskuratzeko; eta diruaren jabetzarik ez dugunok bertatik kanporatuak gara". Modu horretan "antolaketa eta jarduera politikoa" galarazten direla seinalatu dute, gainera.

"Argi izan behar dugu espazio hauen benetako defentsa bermatu ahal izateko modu bakarra dela gero eta eskala handiagoan antolatutako elkartasuna. Desalojoen aurrean, espazioak antolatzen eta askatzen jarraituko dugu", diote Errotxapeako Gaztetxeko kideek. Gisa horretako espazioak haien "jarduerarekin jarraitzeko" ezinbestekotzat jo dituzte, eta beraz, ohartarazi dute "auzoak espazio bat behar duela eta lehenago edo geroago izango duela".

EZ DAGO IRUZKINIK