AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/08 09:01

Frantziako Estatuko lehen ministro François Bayrouk gaur egin beharko dio aurre konfiantza-mozio bati, mahaira atera duen murrizketa-plana indartzeko asmoz; eta etzi, irailaren 10ean, murrizketen aurkako mobilizazio-egun batera deitu dute estatu osoan. Horren harira, "dena blokatzera" eta "botere iraultzailea eraikitzera" deitu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak: "Sistema kapitalistak langile-klasearen ongizatea segurtatzeko ezintasuna ikusirik, ezinbestekoa iruditzen zaigu murrizketa horien kontrako borroka botere politiko iraultzailearen beharrarekin lotzea".

"Burgesiaren ofentsiba ekonomikoan sakonduz, Bayrouk laguntza sozialak apaldu, langileak gehiago lanarazi eta enpresei emaniko dirulaguntzak handitu nahi ditu", azaldu duenez. Hori dela eta, murrizketa-planaren aurka, Kontseilu Sozialista ere mobilizazioetara batuko dela jakinarazi du. 

Gogorarazi duenez, "sistema kapitalista krisian den garaian, burgesiak bere etekinak eta ekonomiaren erreprodukzioa segurtatzeko neurriak hartu behar ditu"; eta, zentzu horretan, "gastu militarraren igoeraren beste aurpegia" dira "gastu sozialen apaltzea eta esplotazioaren sakontzea", Kontseilu Sozialistaren esanetan. Uste du, gainera, "agenda elektorala ez dela gai horri alternatiba bat eskaintzeko". "Langileriaren antolakuntzarako espazioak sortu behar ditugu, aurrekontu proposamenaren aurkako borroka eraginkor bat antolatuko dutenak", aldarrikatu du.

EZ DAGO IRUZKINIK