AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Bilboko Itaia
2023/07/17 11:43

Uztailaren 20tik 22ra bitartean, alokairu sabelen inguruko lehenengo nazioarteko kongresua egingo dute Bilbon (Bizkaia): Emakumeen eta Amatasun Subrogatuaren I. Nazioarteko Kongresua. Bilboko Udalaren ardurapean dagoen eraikin bat erabiliko dute horretarako; Azkuna zentroa, hain zuzen ere. Hori dela eta, mobilizatzeko deia egin du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak: kongresuaren aurreneko egunean, ostegunean, Azkuna zentrora bertaratzera deitu du. 15:00etarako jarri du hitzordua.

Alokairuko sabelen normalizazioa, erakunde publikoen eskutik

"Ekimenak [kongresuak] helburu argia du: emakume langileon esplotazio erreproduktiboan eta umeen salerosketan oinarritzen den praktika zuritzea, berau sustatzea eta normalizatzea", esan du Bilboko Itaiak. Salatu du, gainera, hori guztia gertatzen ari dela "alokairuko sabelen kontrako posizioa adierazi duen gobernuaren onespenarekin", "osasun sexual eta erreproduktiboaren legearen aldaketan" alokairuko sabelen praktika "emakumeen kontrako indarkeriatzat" jo zuen arren.

Modu horretan, alokairuko sabelen aurka "hartutako neurri bakarrenetarikoa baliogabetu" dutela ohartarazi dute Bilboko Itaiako kideek: "Ez da sexu eta ugalketa osasunaren legeak zehazten duen bezala alokairuko sabelen inguruko publizitatea inola ere mugatzen; kontrara, horren aldeko iritzia zabaltzeko eta zilegi izateko ekimenak babesten dituzte".

Itaiak seinalatu du "lege eta politika formalek", egiaz, "aukera mugatua" daukatela "etekin ekonomikoak lortzeko baliagarriak diren prozesuen aurrean". "Instituzioek euren aurpegi zuriketarako baliagarriak zaizkien adierazpenak egiten dituzte, baina horiek ez dute inplikazio errealik emakume langileon zapalkuntza formen aterabideari dagokionez", gehitu du.

Beharrezkotzat jo du Itaiak, beraz, "politika parlamentarioak auziari aterabidea emateko duen ezintasuna azpimarratzea", bai eta "instituzio burgesek praktika horren normalizazioan eta legitimazioan betetzen duten rola seinalatzea" ere. Aldarrikatu du "gure gorputza erreprodukzio-makina bezala saltzera behartzen gaituzten baldintza ekonomiko eta kulturalak gainditzea" ezinbestekoa dela "alokairuko sabelekin eta erreprodukzioaren merkantilizazioarekin amaitzeko".

Protesta gehiago erreprodukzioaren merkantilizazioaren aurka

Ekainaren erdialdean ere protesta bat egin zuen Itaiak Bilbon, Barceló Nervión hotel aurrean, laguntza bidezko ugalketarako ANACER elkartea egiten ari zen kongresuaren kontra. Besteak beste, alokairuko sabelei buruz hitz egin zuten bilkura horretan.

Hona hemen erreprodukzioaren merkantilizazioari buruzko Oh Gu Hemen! saioa, Gedar Telebistan:



EZ DAGO IRUZKINIK