AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Opinión de Málaga
2023/09/02 11:12

Udaren amaierarekin batera, langile klaseko milioika familia eskolara itzulera prestatzen hasi dira dagoeneko. Espainiako Estatuko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) aurreratu duenez, inoiz baino gehiago estutu beharko dute gerrikoa, bizitzaren garestitzea ez baita eskolako atarian geratuko: Espainiako Estatuko familia bakoitzak, seme-alaba bakoitzeko, 500 euro gastatu beharko ditu batez beste. Hori duela bi urte eskas baino %30 gehiago eta "Europa osoko zifrarik altuena" dela ohartarazi dute.

Gastuaren zatirik handiena testuliburuena izango da: 300 euro inguru seme-alaba bakoitzeko. Liburuen prezioen ondoren, estutxeak (10 euro inguru), motxila (30 euro), oinetakoak (beste 30 euro) eta paper-dendako materiala (40 euro) gehitu behar dira. Ikastetxe kontzertatu eta pribatuen kasuan, haur bakoitzeko, beste 160 euro inguru izango dira uniformeetan.

Gastuaren zatirik handiena testuliburuena izango da: 300 euro inguru seme-alaba bakoitzeko

Gastu horien igoeraren ondorioz, geroz eta gehiago dira bigarren eskuko testuliburuak erosten dituztenak. Wallapop plataformaren arabera, bigarren eskuko eskola liburuen salerosketa %399 igo zen uztaileko lehen astean. Are gehiago, eskolara itzulerako erosketak irailean izaten diren arren, produktu horien iragarkiak udan zehar %229 igo direla ziurtatu du plataforma digitalak.

Bigarren eskuko eskola liburuen salerosketa %399 igo zen uztaileko lehen astean

Banqmi by iAhorro online finantza-konparatzaileak, Espainiako Estatuan sektore horretako enpresa liderra denak, auziari buruzko ikerketa propioa egin du 249 ikastetxetan. Aurkezten dituen zifrak OCUrenak baino apalagoak badira ere (410 euroko batez besteko gastua haur bakoitzeko), ondorioetan bat dator: "2023-2024 ikasturte hasiera historiako garestiena izango da". Iazko ikasturtearekin alderatuta igoera txikia badirudi ere, horren arrazoia argitu dute: "Azken igoera hori 2022-2023 ikasturteko eskolara itzuleran ikusi genuen igoera erraldoia baino urtebete geroago iritsi da, iaz, ikasle bakoitzeko batez besteko kostua ia 20 euro igo baitzen urte batetik bestera". Urte horretan, 2021eko 386,76 euroetatik 2022ko 406,07ra igo zela kalkulatu zuten Banqmin. Gauzak horrela, azken hazkunde hori beste kolpe bat gehiago izango da langile klaseko familientzat.

Hego Euskal Herrian

Finantza-aholkularien datuak jarraituta, eskola-gastuaren nondik norakoak ikus daitezke Espainiako Estatuko lurralde desberdinetan banatuta. Hego Euskal Herriaren kasuan, 422,79 euroko batez besteko gastua espero da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 447,36 eurokoa, berriz, Nafarroan. Biak Banqmiren estatu mailako 410 euroko kalkuluaren gainetik kokatzen dira. Valentzia eta Katalunia bakarrik daude Hego Euskal Herriko lurraldeen gainetik. Testuliburuen arloan ere bertan aurkitzen dira preziorik garestienak, Valentziaren eta Kataluniaren atzetik.

Hego Euskal Herriaren kasuan, 422,79 euroko batez besteko gastua espero da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 447,36 eurokoa, berriz, Nafarroan

Ikasturte osoko gastua

OCUk iaz beste inkesta bat egin zien 3 eta 18 urte arteko seme-alabak zituzten 982 gurasori, ikasturtean zehar seme-alaben eskola-jarduerarengatik izango zuten batez besteko gastua ezagutzeko. Orduko emaitzen arabera, seme-alaba bakoitzak, batez beste, 2.186 euroko gastua ekarri zien gurasoei ikasturte osoan zehar. Kalkulutik kanpo geratuko lirateke unibertsitateko eta lanbide heziketako gastu erraldoiak.

Seme-alaba bakoitzak, batez beste, 2.186 euroko gastua ekarri zien gurasoei ikasturte osoan zehar
EZ DAGO IRUZKINIK