Nafarroan, inoiz baino paziente gehiagok itxaron behar dute osasun-sare publikoko mediku espezialista batek lehen aldiz arta ditzaten, eta inoiz baino gehiago luzatzen ari da itxaronaldia. Abuztuaren amaieran 70.840 paziente zeuden Osasunbideko itxarote-zerrendan, eta, batez beste, 88 egunez itxaron behar dute artatuak izan daitezen. Kirurgia-ebakuntza bat jaso behar dutenek, gainera, are gehiago itxaron behar dute: 102 egun batez beste.
Fernando DomĂnguezek, Nafarroako Osasun kontseilariak, egoera "konplexua" dela aitortu zuen atzo, ostegunean. Azaldu zuen bi direla Osasunbideko itxarote-zerrenda handitu duten arrazoiak, baina ez du egiturazko arrazoi bat bera ere aipatu.
Alde batetik, argudiatu du udan zehar mediku gutxiagok egin dutela lan oporraldien ondorioz, eta plantilla murriztu duela horrek. Bestetik, aipatu du oraindik ezin direla kontratatu MIR azterketa amaitu duten medikuak, COVID-19aren pandemiak proba atzeratu zuen-eta. Bigarren arrazoi hori da, DomĂnguezen arabera, Osasunbideko kolapso-egoeraren arrazoi nagusia.
Kontseilariak defendatu zuenez, iaz 54 mediku kontratatu zituzten udan. Aurten antzeko mediku kopurua kontratatu izan balitz, udan zehar 10.000 kontsulta gehiago egin ahalko zirela kalkulatu du. Ez dirudi balizko aitzakia bat, ordea: itxarote-zerrendan 60.800 paziente egongo lirateke berdin-berdin, 2018ko abuztuan baino 31.000 gehiago.