AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/08/12 09:08

Hastear da Bilboko (Bizkaia) Aste Nagusia, baina, hirugarren urtez jarraian, Luberri Konpartsak ezingo du jaietan "normaltasunez parte hartu", "Bilboko Konpartsen barruan egoteko baldintza guztiak betetzen ditugun arren". Hala salatu dute gaurkoan Luberriko kideek, hainbat konpartsatako eta mugimendutako kideekin batera egindako agerraldian. "Aurtengo jaietan inoiz baino ozenago aldarrikatuko dugu Luberrik beste konpartsekin batera parte hartzeko eskubidea duela", zioten.

"Egoeraren jatorria" ekarri dute gogora: "2023an egin genuen Bilboko Konpartsetan sartzeko lehen eskaera. Gure eskaera baztertu egin zuten, eta aurtengo ikasturtearen hasieran beste eskaera bat aurkeztu dugu. Baldintza eta irizpide guztiak betetzen ditugun arren, Federazioarekin batera ekimen partekatuetan aktiboki aritu garen arren, eta konpartsa askoren babesa jaso dugun arren, gure eskaera berriro ere baztertu egin dute konpartsen gutxiengo batek bultzatuta". Nabarmendu dute "gero eta zabalagoa" dela "Luberriren parte-hartzearen aldeko iritzia", baina bere aurkako betoari eusten diola sektore batek: "Bilboko Konpartsen zati batek konponbideari blokeoa jartzen tematuta jarraitzen du".

Ekimenak 16an, 17an, 18an, 19an, 21ean eta 22an

"Aurtengo Aste Nagusian Luberriren bazterketa salatuko dugu eta jaietan gure aldarrikapenek eta egitarauek lekua izango dute", adierazi dute gaurko agerraldian. Izan ere, Luberrik eskubidea du. Jaiak denontzat! lelopean, egitarau zabala antolatu dute datozen festetarako, hainbat konpartsarekin elkarlanean.

Abuztuaren 18an "pasapoteoa" izango da 19:00etan Kaixon hasita, eta bokateoa eskainiko dute gero Eguzkizaleaken. Abuztuaren 19an Mekauen, Sinkuartel eta Bizizaleak konpartsek osatzen duten Triangunean egingo dute Berun taldearen kontzertua, 19:00etan hasita; eta 23:00etan, berriz, Debrass Band txaranga arituko da Abante eta Txomin Barullo konpartsek sortzen duten Teilape gunean. Abuztuaren 21ean Uribarri Konpartsan izango da Skareggekaskoren emanaldia, eta 22an, gainera, Luberri Eguna ospatuko dute Askapeña Konpartsan: bazkaria, DJ ibiltaria arratsaldean Sparky eta Begigorriren eskutik, eta musika-emanaldiak gauean. Mirotz, Trikoma eta DJ Denz, I.rat.i eta Yakintza arituko dira.

Horrez guztiaz gain, "Luberrik ere bere espazio propioa izan behar duela aldarrikatzeko", abuztuaren 17an "ekimen berezi bat" egingo dute. 19:00etarako jarri dute hitzordua: Unamuno Plazatik hasiko da kalejira bat, eta horren ondoren, Silitia eta J Martinaren kontzertua izango da. "Egitarau hauetan parte hartzeko deia egiten diegu bilbotar guztiei", gaineratu dute Luberriko kideek, eta eskerrak eman dizkiete "Aste Nagusian leku bat eskaini diguten konpartsa guztiei" eta "gure parte-hartzearen alde ahotsa altxatu duten konpartsa, konpartsakide eta norbanako guztiei".

Bada garaia

Antolaturiko ekimenen berri ematearekin batera, "zentzugabekeria hau bukatzeko deia" egin dute prentsaurrekoan: "Aste Nagusia eta Bilboko Konpartsak sorreratik izan dira Bilboko herri-mugimenduko eragileentzako espazio irekiak, eta Luberri baztertzeak oinarri hori kolokan jartzen du". Hala, Luberrik dio prest segitzen duela "elkarrizketa nahiz elkarlanerako", azpimarratuz "sinplea bezain zentzuduna" dela "gatazka hau gainditzeko modua": alegia, "beste edozein eragileri bezala, Bilboko Konpartsetan parte hartzeko eskubidea aitortzea" Luberriri. "Gozatu dezagun guztiok Aste Nagusiaz, eta egin dezagun indarra aurtengoa izan dadin bazterketa honen azken urtea", gaineratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK