H&M multinazionalak apirilean jakinarazi zuen haren jabetzako 30 denda inguru itxiko dituela Espainiako Estatuan eta, espediente baten bidez, arropa dendetako hainbat langile kaleratuko zituela. Hego Euskal Herrian, zehazki, 56 behargin bidali nahi ditu kalera enpresak, eta horren aurrean greba mugagabeari ekin diote langileek.
H&M ez da izan, ordea, online salmentak sustatu eta aurrez aurreko salmentarako denden itxiera iragarri duen enpresa bakarra. Inditexen helburua da salmenten laurdena online egitea, eta horrek eragin zuzena izango du bere jabetzako arropa dendetako beharginengan. Besteak beste, Inditexenak dira Zara, Oysho, Stradivarius nahiz Bershka dendak.
Aurreko urte amaieran xehatu zuen Inditexek haren asmoa dela Hego Euskal Herrian 20 saltoki ixtea, eta beraz, 66 langile leudeke kaleratze arriskuan. Berria-k jakinarazi duenez, gainera, zerrenda hori handitu da orain: zarratu egingo dituzte Eibarko (Gipuzkoa) Stradivarius eta Garberako (Donostia, Gipuzkoa) Zara Home ere. Hala, bederatzi langile kaleratuko lituzkete Eibarren eta lau Garberan, eta guztira, 79 lirateke Hego Euskal Herrian kaleratze arriskuan daudenak.