Donostian (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa) mobilizatzera deitu zuen gaurko, azaroaren 25erako, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Iluntzean, euritakoak eskuetan eta Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki leloa aldarri hartuta atera dira kalera 2.000 lagunetik gora, Itaiaren deialdiekin bat eginez.
Azken asteetan egin bezala, Itaiako kideek azpimarratu dute "instituzioen aurpegi garbiketarako eta etekin ekonomikoak bermatzeko erreminta ezin hobea" bilakatu dela "feminismoaren aldeko aldarria". "Badirudi gero eta jende gehiagok adierazten duela berdintasunaren aldeko jarrera [...]. Errealitateak adierazten duena, halabaina, berdintasunerako joeraren kontrakoa da: indarkeria matxista kasuek gora egiten dute eta forma berriak hartzen ditu". "Errealitate soziala bere osotasunean aztertzeko eta gainditzeko proposamen politikoa", hala, "gero eta beharrezkoagoa" dela dio.
"Argi geratu da gizarte kapitalistarentzat eraginkorra dela indarkeria matxista erreproduzitzea, eta beraz, feminismotik proposatzen den aldaketa kultural edo ideologikoa ez dela nahikoa, are, zenbaitetan indarkeriaren garapena eta normalizazioa ahalbidetzen dituela", seinalatu dute Itaiako kideek.
Indarkeriaren molde berriak
Azaldu dute krisi kapitalistak ezaugarritzen duela uneko egoera eta, "krisi garaietan, forma berriak hartzen" dituela "burgesiaren dominazioak", indarkeria matxistak barne. "Teknologia berrian garapenak", esaterako, "indarkeria forma berrien sorreran izan duen eragina" nabarmena dela dio Itaiak, eta "birtualki egiten den jazarpen sexuala" dela horren adibide bat. Salatu du, gainera, "hain agerikoa" ez den arren, orokorrean "indarkeria normalizatzen" dutela baliabide horiek guztiek; besteak beste, "komunikabideek, plataforma digitalek, pornografiak, reality saioek...".
"Tresna horien bitartez, emakumeon sexualizazio eta objektibazioa erreproduzitzen dira", seinalatu du Itaiak: "Dominazio forma berriek ideologia matxistaren eta indarkeriaren normalizaziorako joera egitate bilakatzen dute".
Gogoan izan dute, era berean, "erasotzaile figuren ekoizpena eta mantenua sustatzen" dela tresna horien guztien bidez, eta horren isla direla "etengabeko sexu-erasoak, talde bortxaketak, haur pornografia kasuak, adingabeen prostituzio sareak...".
"Ahalduntzea" ezbaian
"Paradoxikoa dirudien arren", kulturaren askotariko "garapen" hori "emakumeon ahalduntzearekin parekatzen" dela salatu du Itaiak, instituzio publikoetatik nahiz feminismotik. "Baina norentzat da ahalduntzea aldaketa aurrerakoi gisa saltzen diguten hori guztia?", hausnartu du.
"Burgesiak eta, konkretuki, klase altuko emakumeek, euren etekin ekonomikoak bermatzeko baliagarri dituzte aurretik aipaturiko plataforma digitalak edota komunikabideak. Baina euren gaitasun ekonomikoa handitzeko erreproduzitzen dituzten rolek eta estereotipoek, bitartean, emakume langileoi miseriara kondenatzen gaituzten oinarri ekonomiko eta kulturalak jartzen dituzte", adierazi dute Itaiako kideek. Emakume langileek pairatzen dituzten eragin horien adibide modura aipatu dituzte "segurtasun falta, elikadura nahasmenduak, depresioa, gorputzarekiko obsesioa edota sexualizazioa".
Oinarritik
"Argi daukagu egoerak ez duela hobera egingo emakume langileok pairatzen dugun indarkeriaren kausa historikoak borrokatuko dituen antolakuntza politikoa garatzen ez badugu", ondorioztatu du Itaiak. "Egiturazko arazo baten aurrean" egonda, beharrezkotzat jo ditu "aldaketa kulturalak" zein "aldaketek gizarte berri baten oinarri etikoa" izatea, "eta ez zaharrean sakontzeko tresna" bat izatea.
Itaiak azpimarra egin dio aldarri irmo bati: "Indarkeria betikotzen duen egiturazko oinarria borrokatzen badu soilik bete dezake bere funtzioa indarkeria matxistaren aurkako jardunak, hau da, sozialismoaren eraikuntzaren norabidean indarrak metatzen baditu". Beraz, nabarmendu du "komuniston eginbeharra" dela "indarkeria matxista erreproduzitzen eta betikotzen duen sistema kapitalista gainditzea"; hau da, "zapalkuntzek eta, zehazki, emakume langileon aurkako indarkeriak lekurik izango ez duten gizartea antolatzea; sozialismoa eraikitzea".
"Bide horretan", bi konpromiso nagusi dituztela esan dute Itaiako kideek: "erasotzaileei aurre egitea" eta "erasotuak izan direnak babestea".
Deialdi jendetsuak
Gaurkoan mobilizatzera deitu zuten, besteak beste, Itaiak, Ikasle Abertzaleakek, campusetako emakume taldeek nahiz Unibertsitateko Indar Batasunak. Goizean eta eguerdian izan dira IAk, campusetako emakume taldeek eta UIBk antolatutako mobilizazioak hainbat ikastetxe, herrigune eta campusetan; iluntzean egin dituzte, aldiz, Itaiak deitutako manifestazioak. Guztira, 6.000 lagun inguru batu dira deialdi horietara.
Ikusi hemen IAren gaurko mobilizazioetako irudiak
Ikusi hemen campusetako emakume taldeen eta UIBren gaurko mobilizazioetako irudiak