AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/22 11:09

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Etxeko eta Genero-Indarkeriaren aurkako Behatokiaren arabera, Espainiako Estatuan, "genero-indarkeriaren" kontra ezarritako babes-neurriak %6,5 jaitsi ziren 2024an. Epaileek zuzenean aginduta edo defentsak nahiz fiskaltzak eskatuta har daitezke biktimak babesteko neurriak, baina, salatutako indarkeria matxista kasuekin proportzioan, behera egin dute bai egindako eskaerek bai onartutako eskaerek.

2024an, "genero-indarkeriari" lotutako 199.094 salaketa jarri zituzten Espainiako Estatuan, baina 33.247 kasutan baino ez zituzten biktimak babesteko neurriak agindu. Alegia, salaketen %16,69k baino ez zuten eragin emakume horientzako babes-neurriak hartzea. 2023tik murriztu egin da proportzio hori, %17,84 izan baitziren urte horretan.

2024an, hain justu, 2023an baino 2.314 kasu gutxiagotan ezarri zituzten babes-neurriak. 49.268 eskaera aurkeztu zituzten epaitegietan (salatutako kasuen laurden batean eskatu zituzten babes-neurriak, gutxi gorabehera), baina horien artean %67,48 besterik ez ziren indarrean sartu. 2023an, eskaeren %69,9 hartu zituzten aintzat.

Bestalde, behatokiaren arabera, biktimak babesteko neurrien eskaera kopuruak ere behera egin du, zehaztu ez dituen arrazoiak direla-eta. 2023ko datuekin alderatuta, %3 eskaera gutxiago egin zituzten 2024an; eta, esan bezala, %6,5 eskaera gutxiago onartu zituzten.

Autonomia-erkidegoka ere zehaztu ditu datuak behatokiak. Onartutako eskaeren ehunekoak erkidego guztietan murriztu dira, Katalunian izan ezik (%47,8 2023an eta %49,6 2024an). Hala ere, portzentajea ez da erdira ere iristen bertan, Madrilen bezalaxe (%46,6 iaz). Hego Euskal Herrian, batez beste, eskaeren %31k baino ez zuten aurrera egin 2024an: %22k Nafarroan eta %41ek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

EZ DAGO IRUZKINIK