AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/23 00:13

Espainiako Berdintasun Ministerioak 2024ko irailean argitaratutako datuen arabera, 2018tik, 945 emakume erail dituzte estatuan, indarkeria matxista dela medio. Joera horri erreparatuta, eta urtetik urtera aldaketak egonda ere, hilketa matxistena ez da beherantz doan zifra bat. Horrela, batez beste, urtean 57 dira eraildako emakumeak.

Gainera, azken urteetan ezarritako politika feministak ez dira gai izan erailketak gutxitzeko, eta gora egin dute biolentzia kasuek. Zentzu horretan, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) ofizialki erregistratutako indarkeria matxista kasuek %74,04 egin dute gora 2014-2024 denbora-tartean, modu beldurgarrian.

Indarkeria matxista kasuek %74,04 egin dute gora 2014-2024 denbora-tartean

Datu horiek ezagututa, adierazgarria da, erailak izan diren emakume horietatik guztietatik, 363 zirela atzerritik etorritakoak. Statista atariaren arabera, 2023. urtea 48.059.777 ​​​​​​​biztanlerekin itxi zuen Espainiako Estatuak, eta horietatik 41.982.215 ziren estatuan jaiotakoak eta 6.077.562 immigratutakoak. Immigratu zuten pertsonen artean, erdia baino gehiago ziren gizonezkoak, eta, beraz, atzerritik immigratutako emakumeen proportzioa ez zen %6ra heltzen, denera. Horrek esan nahi du, atzerritik etorritakoak eta bertan jaiotakoak proportzio berean hartuta, eraildako zazpi emakumetik bost zirela immigranteak.

Atzerritik etorritakoak eta bertan jaiotakoak proportzio berean hartuta, eraildako zazpi emakumetik bost zirela immigranteak

Zenbait gezur arrazistak esan dezaketenaren aurka, aipatutako lehenengo txostenean ikus daiteke erasotzaileen jatorriaren araberako aldaketa esanguratsurik ez dela izan azken urteetan. Hain zuzen ere, 2008an, pertsona immigranteen partetik izandako erasoen proportzioa gaur egungoa baino 4,1 puntu altuagoa izan zen.

Gaur egun, duela hamabost urte baino erailketa matxista gehiago gauzatzen dituzte Espainiako Estatuan jaiotakoek, kanpotik immigratutakoek baino

Datu homogeneoagoak erabiliz, 2008-2012ko batez bestekoa 2020-2024koarekin alderatuta, joerak 3,9 puntu egin du behera. Horrekin proportzioan, beraz, gaur egun, duela hamabost urte baino erailketa matxista gehiago gauzatzen dituzte Espainiako Estatuan jaiotakoek, kanpotik immigratutakoek baino.

EZ DAGO IRUZKINIK