AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / defensa.com
2024/01/19 10:07

Duela astebete horretarako asmoa ukatu bazuen ere, abenduan iragarritakoa berretsi da azkenean: Espainiako Gobernuak parte hartuko du Yemenen kontrako oldarraldi militarrean. Europar Batasunaren esku-hartzearen barruan eta Amerikako Estatu Batuekin batera, Itsaso Gorrian izaten ari den misioaren parte izango da Espainiako Estatua. Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak aurreko astean esan zuen gobernuak ez duela "presiorik" jaso Itsaso Gorriko misioan parte hartzeko edo ez hartzeko.

Sionistak Palestinan gauzatzen ari diren sarraskiari erantzunez, Itsaso Gorritik igarotzen saiatu diren hainbat ontzi israeldarri edota mendebaldarri eraso egin die Yemengo Ansarullah-k azken hilabeteetan. Palestinako lurretan dituen interesak babesteko, beste behin ere sionistekin lerratu eta erasora jo du Mendebaldeak: AEBek eta Erresuma Batuak aurreko astean ekin zioten oldarraldiari Yemenen. Besteak beste, 100 misil baino gehiago erabili zituzten erasorako. Beraz, euren asmoa berretsi dute azken egunetan AEBek nahiz Europar Batasunak; El Salto-k jaso duen bezala, "ontzi israeldarrak edo herrialdean interesak dituztenak" babestuko dituzte Itsaso Gorrian.

Ostegun honetan, Europar Batasuneko Segurtasun Batzorde Politikoak (27 estatu-kideetako ordezkariak biltzen ditu) akordio bat lortu zuen, hiru ontzi militar Itsaso Gorrira bidaltzeko. Antza, otsailerako egongo dira martxan, eta, teorian, "defentsa-misio bat" baino ez da izango. Euren hitzetan, asmoa da merkantzia-ontzi israeldarrak edo Israelen interesak dituzten enpresen ontziak "babestea"; alegia, komertzioa.

Azken 45 urteetako igoerarik handiena gastu militarrean

Espainiako Estatuaren parte-hartze militarrari lotuta, gobernuak jakinarazi du igotzen jarraituko duela gastu militarrak. El Salto-k berak azaldu duenez, azken 45 urteetako igoerarik handiena izango da laster. Pere Ortega analistaren arabera, Pedro Sanchez presidenteak AEBetako buru Joe Bidenekin hartutako konpromisoari lotuta gertatuko da hori: itxura denez, hitza eman zuen, 2029erako, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2ra iritsiko dela gastu militarra.

Aurreko urtean, 2023an, %23,4 igo zen Espainiako Estatuko indar militarretara bideratutako aurrekontua. 2024rako espero diren igoerekin, ofizialki, gastu militarra BPGaren %2ra helduko dela uste da. Ortegak azpimarratu du, hala ere, Espainiako Gobernuak iaz bete zuela berez AEBekin hartutako konpromisoa: izan ere, tranpa egin eta Defentsa Ministerioaren gastua baino ez du jotzen gastu militartzat Espainiako Gobernuak, eta ez dira datu errealak ofizialki onartutakoak.

PSOEk eta Unidas Podemosek gobernuan daramatzaten urteetan, 24.139 milioi euroko inbertsioak izan dira indar militarretan. Gobernu hori babesten dute EAJk nahiz EH Bilduk, besteak beste.

EZ DAGO IRUZKINIK