AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Infobae
2023/09/04 10:00

Joan den apirilean izan ziren parlamentu-hauteskundeak Finlandian, eta Koalizio Nazionalak irabazi zituen bozak. Petteri Orpo buru zela, gobernu kontserbadorea osatu zuen gerora Finlandiarren Alderdiarekin, Suediako Alderdi Popularrarekin eta Demokrata Kristauekin. Osatu eta hilabete gutxira, neurri antikomunista bat atera du mahaira gobernuak: ikur komunistak debekatzea aztertzen ari da, nazismoari aurre egitearen aitzakiapean.

Abuztuaren 31n, agiri bat argitaratu zuen gobernuak. Hizpide ditu "diskriminazioa, nazismoa eta Holokaustoaren ukapena", baita ustez horiei aurre egiteko neurriak ere. Horren guztiaren atzean, baina, komunismoa ere aipatzen da agirian, modu ez oso disimulatuan: 12. orriko 18. puntuan, komunismoa ere neurri berrien ekuazioan sartzen du gobernuak, nazismoa eta komunismoa parekatuz. Biak debekatzeko asmoaren berri ematen du hala, izan ere, gobernuak modu horretan jakinarazi zuen mahai gainera atera duela "sinbolo nazien eta komunisten erabilera kriminalizatzea".

Zehazki, hala jasotzen du abuztuaren bukaeran kaleratutako dokumentuak: "Aztertzen ari dira aukerak delitu gisa tipifikatzeko, gutxienez, nazismoaren eta komunismoaren ikurren erabilera, ideologia horiek sustatzeko helburuarekin erabiltzen direnean".

Finlandiako Gobernuak ustez nazismoa zigortzeko egindako aurpegi zuriketa, hain zuzen ere, akusazio antisemiten eta polemiken ostean heldu da. Duela bi hilabete, karguan hamar egun baino ez zeramatzanean, dimisioa aurkeztu behar izan zuen Vilhelm Junnila Ekonomia ministroak, 2019an ekitaldi politiko ultraeskuindar batean egindako "bromengatik": argitara atera zen Junnilak ikur naziei buruzko txantxak egin zituela orduan.

Neurri antikomunista gehiago Europan

Nueva Revolución atariak gogorarazi duenez, komunismoaren kontrako neurriak ez dira Finlandian soilik proposatu: Europako herrialde ugaritan, esaterako, Sobietar Batasuneko oroigarriak eta monumentuak eraitsi dituzte, edota ikur antifaxistak eta komunistak debekatu nahiz kriminalizatu dituzte. Horren adibide dira Polonia, Errumania, Estonia, Lituania, Hungaria, Eslovakia, Txekiar Errepublika edota Ukraina. Ukrainan, adibidez, Alderdi Komunista legez kanpo utzi du 2014ko estatu-kolpearen ondoren sortutako gobernuak.

EZ DAGO IRUZKINIK