AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Txaber Ormazabal, Aitor Bizkarra eta Marina Segovia.
2024/01/12 08:46

Joan den abenduan, ekitaldi jendetsu baten bidez aurkeztu zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), aurrerantzean, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren antolakunde nagusia izango dena. Bere helburu nagusia da komunismoa langileon artean hegemoniko bihurtzeko lan egitea. Orain, EHKSren ikerketa aurreratuen erakundea sortu dute: Ikerketa Sozialisten Institutua (ISI).

Institutu marxista da ISI, "proletariotzaren klase-posiziotik lan egiten duena, eta posizio horrek dakarren betebehar iraultzailea bere egiten du". Institutuko kide Marina Segoviak eta Aitor Bizkarrak azaldu dutenez, bi dira helburu nagusiak: "Estrategia Sozialista Berriaren funtsatze teorikoan aurrera egitea", batetik, eta "EHKSren ildo politikoa taktikoki zehazteko euskarri zientifikoa izatea", bestetik. "ISIk etengabe garatzen ari den jardun militantetzat dauka bere lana. Lan hori ezinbestekoa da estrategia iraultzailea oinarri arrazionalen gainean eraikitzeko eta berehalako auzi taktikoak konpontzeko", gaineratu dute.

Lenin, 1924-2024

ISI aurkeztearekin batera, hurrengo hitzordu baten berri ere eman dute bertako kideek. Aurten beteko dira 100 urte Vladimir Ilich Ulianov Lenin hil zela, eta, horri lotuta, institutu marxistak teoria iraultzailea balioan jartzeko kongresu bat egingo du Bilbon (Bizkaia). Apirilaren 19tik 20ra izango da biltzarra, Euskalduna Jauregian (online jarraitzeko aukera ere egongo da). Leninen memoriari omenaldi bat egitea da asmoa, baita kongresua "eztabaidarako eta hausnarketarako gune bat izatea ere, nazioartean Mugimendu Sozialistaren garapen estrategikoa bultzatuko duten gai politikoei teorikoki heltzeko".

Sei eztabaida-mahai antolatu dituzte kongresurako (artikulu honetako argazki galerian dago egitaraua), eta jatorri leninistako hainbat problematika izango dituzte eztabaidagai. Saioetan parte hartuko dute nazioartean lan egiten duten zenbait akademikok, baina baita EHKSko hainbat militantek ere.

"Uste dugu sei eztabaida-mahaien interesa eta garrantzia ez dagokiola soilik Leninen eta boltxebismoaren garaiari. Gaurkotasun handikoak dira, eta horregatik aukeratu ditugu gaiak eta hizlariak", jakinarazi dute ISIko kideek: "Kongresuan, Lenin oroitzeaz gain, orainaldian eta orainaldiaz hitz egin nahi dugu, eta langile klasearen politika iraultzailerako irakaspenak eta ondorioak ateratzen saiatu".

"ISIk EHKSren estrategia iraultzailearen funtsatze teorikoan lan egingo du"

ISIko zuzendari Txaber Ormazabalek aldarrikatu du, "komunismoak legitimitatea kenduta" duela kontuan hartuta, biltzar baten bidez Lenin gaurko egunera ekartzea "ekintza politiko bat" dela bere horretan. Hortik harago, baina, "Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren garapen estrategikorako gako diren hainbat auziri" heltzeko espazio bat da kongresua, Ormazabalen esanetan. Beraz, "EHKSk dituen kezka politikoei" lotutako eztabaida-mahaiak prestatu dituzte biltzarrerako. "Lerro politiko desberdinetako pertsonak gonbidatu ditugu kongresura. Guztiak dira izaera marxistako ikastunak, eta asko ikasi dugu haiengandik", adierazi du ISIko zuzendariak: "Uste dugu aberasgarria izan daitekeela haiekin eztabaida bat izatea".

"Teoria iraultzailearen garapenerako kongresu bat da apirilekoa. Gauzen egoerari buruzko ezagutzan sakontzea da helburua, eta horretatik deduzitzea ekintzarako elementu taktikoak eta estrategikoak", dio Ormazabalek. "Boltxebismoaren gaurkotasuneko auzitetatik hasi eta filosofiarekin lotura handiagoa duten auzietaraino" landuko dira saioetan, baina baita "izaera koiuntural handiagoa" duten gaiak ere; hala nola, inperialismoa. "Teoria iraultzailea lantzeko espazio bat izateaz gain, garrantzitsua da espazio hori Mugimendu Sozialistaren nazioarteko garapenerako espaziotzat ere hartzea", erantsi du: "Foku bat ere izan nahi du zentzu horretan".

ISIren hemendik aurrerako lanei buruz galdetzean, Ormazabalek gogorarazi du "EHKSri lotutako institutua" dela aurkeztu dutena, eta ezin dela, hortaz, "ISIren jarduna eta antolaketa-zeregina EHKSren politikatik kanpo ulertu". "ISIk EHKSren estrategia iraultzailearen funtsatze teorikoan lan egingo du eta EHKSren zerbitzura jarriko ditu dituen baliabide zientifiko guztiak", baina, horretaz gain, kanpora begirako lan-lerroak ere izango ditu, zuzendariaren arabera. Leninen inguruko kongresua izango litzateke horren adibide bat. Ormazabalen ustez, "Estrategia Sozialista Berria garatzeko" ezinbestekoa den zerbait ahalbidetuko du horrek guztiak: "marxisten arteko eztabaidari bide egitea, eta gure kontzeptu politikoetan sakontzen jarraitzea".

EZ DAGO IRUZKINIK