Gasteizko (Araba) Ikasle Abertzaleakek joan den ostiralean eman zuen musika kontserbatorioko ikasle baten egoeraren berri. Propaganda politikoa egiteagatik, zigortu egin nahi dute: umiliazio publikora makurtu nahi dute eta bere militantzia politikoari uko egin diezaiola exijitu diote. Zigor horiek betetzen ez baditu, zentrotik kanporatuko dutela esan diote, eta indarrean da mehatxua.
IAko kideek, hala, protesta bat egin zuten aurreko ostiralean bertan, kontserbatorio aurrean. Zentroak ikaslea kanporatzeko mehatxua atzera bota dezala exijitu zuten elkarretaratzean, bai eta zigorrak bertan behera utz ditzala ere. Askatasun politikoen urraketaren aurrean, antolatzera dei egin zieten ikasle langileei.
Aurreko ostegunean grebara jo zuten Hego Euskal Herriko ikasleek, "enpresari handien menpeko hezkuntzaren kontra". Orduan ere, ikasleen lan politikoa sistematikoki jazarria izaten ari dela salatu zuen IAk: gogoan izan zituen, adibidez, "campusetan lan politikoa egiteagatik identifikatuak izan diren ikasleak, greba eskubidea debekatu dieten ikasleak, ikastetxeetan zuzendaritzaren mehatxupean daudenak, irakasleen jopuntuan daudenak, Gasteizen zigor diziplinarioak jaso dituztenak, Lizarran eta Iruñean kanporatu dituzten ikasleak, Goierriko ikastetxean identifikatuak izan direnak eta pasa den astean [Gasteizen] jazarria eta atxilotua izan zen ikaslea".