AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Mobilizazio bat Baionan. Argazkia: kazeta.eus
2019/11/13 09:32

Oraingoan, prokuradorea izan da Ibon Fernandez Iradi espetxetik irteteko prozesu judiziala atzeratu duena. Pairatzen duen gaixotasuna dela medio, azken urteetan borrokan ibili da preso politiko lasartearra, gaixotasuna eta kartzela bateragarriak ez direla frogatzeko. Azkenean, irailaren 25ean aurkeztutako mediku-txostena aztertu du epaileak; bertako edukia eta "egungo testuinguru politikoa" aintzat hartuta, esan du ez legokeela eragozpenik Fernandez Iradi aske uzteko.

Baina, esan bezala, prokuradoreak, beste hainbat euskal preso politikoren kasuetan egin izan duen bezala, helegitea aurkeztu du. Beraz, bi hilabete inguru barru jakingo da auziari buruzko azken ebazpena; behin betikoa.

Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak urria amaieran jakinarazi behar zuen, izatez, Fernandez Iradiren kasuaren inguruko erabakia. Dena den, orduko hartan ere atzeratu egin zuten ebazpena.

Urtetako borroka

Fernandez Iradi 2003. urtean atxilotu zuten, eta egun, Lannemezango (Okzitania) espetxean dute preso. Esklerosi anizkoitza du. 2012. urtean diagnostikatu zioten gaixotasuna, eta duela bost urte hasi zen kartzela zigorra eten ahal izateko eskaerak egiten. Garai hartan ezezkoa jaso zuen, baina oraingoan, badirudi ezberdina izan dela Zigor Ezarpenen Auzitegiaren erantzuna. Horrenbestez, momentuz, prokuradorearen helegitearen inguruko erantzuna itxaron beharko da.