AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ibon Fernandez Iradi
2019/10/31 11:23

Ibon Fernandez Iradi preso politiko lasartearrak esklerosi anizkoitza du, eta 2012. urtean gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik, kartzela zigorra eteteko eskaerak aurkeztu ditu. Oraingoan, azkeneko eskaeraren inguruko ebazpena atzeratu du Parisko Zigorrak Ezartzeko Auzitegi Nazionalak.

2014. urtean, Ibon Fernandezi baldintzapeko askatasuna ematearen alde agertu zen Parisko Auzitegia. Fiskaltzak, baina, gaixotasunaren larritasuna onartzeko nahikoa froga mediku ez zeudela argudiatu zuen, eta txosten berriak eskatu zituen. Hiru froga mediku egitera behartu zuten Fernandez, eta 2015. urtean, Parisko Dei Auzitegiak kasuaren inguruko ebazpena atzeratu zuen berriro. Urte bereko maiatzean, eskaera baztertu zuten, eta horren aurrean, helegitea aurkeztu zuen presoak. Senideek adierazi dutenez, justizia administrazioak hainbat argudio tekniko eta epe luzapen baliatu ditu, etsipena eragin asmoz.

Ibon Fernandez 2003. urteko urtarrilaren 4an atxilotu zuten Mont de Marsanen, ETA erakundeko militante izatea egotzita. Lannemezango (Okzitania) espetxean dute preso egun. 2012. urtean Frantziako Estatutik epe motzerako Espainiaratu zutenean, esklerosi anizkoitza atzeman eta diagnostikatu zioten. Ordutik, hainbat izan dira bere askatasuna aldarrikatzeko Euskal Herrian egin diren mobilizazioak.

Jose Angel Otsoa de Eribe, aste honetan zendua

Aste honetan bertan zendu da Jose Angel Otsoa de Eribe preso politiko gaixoa, 61 urte zituela. Minbizia zuen, eta gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik egin zituen baldintzapean aske geratzeko eskaerak. Dena den, guztiak bota zituzten atzera, iragan ekainera arte. Hala, baldintzapean atera zen espetxetik uztailean, baina lau hilabetera hil da arabarra.