AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/30 10:41

Ostiral honetan, urriaren 4an, emakume bat bere etxetik bota nahi du Ibercaja banketxeak, Iruñerriko (Nafarroa) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez. Hala, egun horretan protesta egitera deitu du: "Etxegabetzea gelditzeko bilduko gara etxe parean", zabaldu du sindikatuak.

Azaldu duenez, kaleratua izateko arriskuan dagoen pertsona 2005etik bizi da Artikaberri auzoan, Ibercajari kreditu bat eskatu eta etxebizitza bat erosi ondoren. Kreditu hori, ordea, "zabor-hipoteka" deiturikoen goraldi betean hartu zuen bizilagunak, eta bere "egoera ekonomikoa okertu" zenean, "hipoteka ordaintzeko arazoak hasi ziren". Hileroko kuota nabarmen garestitu zaio gerora, "1.000 euroak gainditzeraino", sindikatuak nabarmendu duen bezala.

Ibercajaren irabaziek gora

2024ko lehen seihilekoan bere irabazi ekonomikoak %21,2 handitu ditu Ibercajak, iazko datuekin alderatuta. Hala, 152 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu urte erdian, bankuak berak adierazi duenez. Etxebizitzaren arazoak langile-klasearen bizitzan dituen "ondorio lazgarriak geroz eta nabarmenagoak diren aldi berean, errentatzaileen eta bankuen negozioa handituz doa", sindikatuaren esanetan.

Etxebizitzaren kontura negozioa egiten dutenek "poltsikoak betetzen dituzte etxebizitzak husten dituzten bitartean", eta sindikatuak ondokoa oroitarazi du, Iruñerriko azken kasuaren harira: "2008an krisiak leher egin eta gero diru publikoz erreskatatu zuten bankuetako bat da Ibercaja".

Politikari profesionalen promesak eta etxebizitzaren negozioa

"Politikari profesionalen hipokrisia" salatu du Iruñerriko sindikatuak. Dioenez, "hipotekagatiko etxegabetzeak geldiarazi zituztela aldarrikatu zuten harro duela zenbait hilabete, baina gertatzen jarraitzen dute". Modu horretan, "moratoriak moratoria, etxegabetzeen odolusteak ez du etenik", eta "alderdi politiko guzti-guztiek etxebizitzaren negozioa sustatzen amaitzen dute hartzen dituzten neurriekin", sindikatuaren esanetan.

Besteak beste, neurri horien artean aipatu dituzte "etxejabeentzako dirulaguntzak, errentatzaileen eta bankarien mozkinak bermatzea, eraikuntza-ziklo berri bat abiaraztea, lankidetza publiko-pribatua… " eta abar, "etxebizitzaren negozioa mantentzeko funtzioa betetzen" dutenak. Esaldi batean laburbildu dute ideia hori: "Negozioa da lehentasuna, eta ez etxebizitzarako sarbidea".

Protesta egingo dute ostiralean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek "etxegabetze guztiak baldintzarik gabe eten" ditzatela aldarrikatzen dute, eta Iruñerriko kaleratzea gelditzeko lanean ari dira. Ostiral honetan, goizeko 08:30erako, arriskuan dagoen bizilagunaren etxe parean biltzeko eta protestara batzeko deia egin dute.

Zehaztu dutenez, Artikaberri auzoko Maiatzeko Plazako Amak kalean izango da protesta, 3. zenbakian. Etxegabetze guztien kontra. Etxebizitzaren negozioari ez! lelopean mobilizatuko dira.

EZ DAGO IRUZKINIK